Hamabost bizilagun etxegabetu dituzte Gasteizko Herrandarren kalean

Mikel Buruaga 2021ko urt. 26a, 22:04
Ertzaintzaren karga, Herrandarren kaleko etxegabetzearen azken uneetan. / ALEA

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gauzatu dute Herrandarren kaleko 15. zenbakian okupatutako eraikinean bizi ziren hamabost lagunen aurkako etxegabetze agindua. Atxilotu guztiak aske gelditu dira.

Etxebizitza Sindikatuak joan den astean ohartarazi zuenez, urtarrilaren 26ko 11:00etatik aurrera, hamabost bizilagunen etxegabetzea gauzatu da Gasteizko Herrandarren kaleko 15. zenbakian. «Inongo alternatibarik eskaini gabe, pertsona horiek kale gorrian geratu dira», salatu dute. 10:30ean bertaratzeko deialdia zabaldu du Etxebizitza Sindikatuak, etxegabetzea gelditu eta bizilagunen egoera salatzeko asmoz.

Poliziaren presentzia handia izan da goizeko lehen ordutik, eta 40 pertsona inguru eraikinaren barruan itxi dira, etxegabetzeari aurre egiteko. Kanpoan, barrukoei babesa adieraztera hurbildu diren dozenaka pertsona.

11:00ak aldera, sarrailagilea eta epaitegiko ordezkariak eta prokuradorea iritsi dira. Bertaratutakoek eta etxe barrukoek etxegabetze agindua desobeditzeko eskatu diete, baina desalojoak aurrera egin du. Ordubete inguru luzatu da sarrailagilearen ahalegina, baina, azkenean, ireki ezinik, Udaltzaingoak atea apurtzeari ekin dio.

Bitartean, Ertzaintza eta manifestariak kalean zeuden, aurrez aurre. Azkenik, 12:00ak aldera, atea irekitzea lortu du Udaltzaingoak, baina atearen atzean oztopo gehiago topatu ditu. Oztopoak kendu ostean, barruan zeuden pertsonak ateratzeari ekin diote, banan banan (barruko irudiak zabaldu ditu Etxebizitza Sindikatuak): batzuk bizilagunak ziren, eta beste batzuk Etxebizitza Sindikatuko kideak.

Etxegabetzearen azken uneetan sortutako tentsioaren testuinguruan, Ertzaintza kargatzen hasi da; zenbait pertsona identifikatu ditu, eta horietako hiru atxilotu egin ditu.

Azkenean, etxegabetzea gauzatu egin da. Etxebizitza Sindikatuko bozeramaileek amaitutzat eman dute desalojoa, baina San Antonio kaleko Larrialdietako Gizarte Zerbitzuen egoitzara eraman dute protesta.

Udal langileek «irtenbidea modu kolektiboan lantzeko» hitzezko konpromisoa jakinarazi diote Etxebizitza Sindikatuari; hala ere, «larrialdi egoera» onartu duten arren, ez dute alternatiba zehatzik eskaini. Horrenbestez, 20:00etan elkarretaratzea deitu du sindikatuak Plaza Berrian, Gasteizko udaletxearen aurrean.

Atxilotu guztiak aske

Istiluetan atxilotutako hiru pertsonez gain, Udaltzaingoak bizilagunetako bi atxilotu egin ditu; hasiera batean jakinarazi dietenez, Atzerritartasun Zerbitzuaren esku uzteko.

Hala ere, Etxebizitza Sindikatuak 21:50ak aldera jakinarazi duenez, atxilotu guztiak aske geratu dira. Soilik familia batentzako etxebizitza alternatiba lortu dute, eta zazpi pertsona kalean daude oraindik. Momentuz, gaua pasatzeko lekua lortu die sindikatuak.

«Birjabetutako» eraikina

Herrandarren kaleko 15. zenbakiko blokea 2020ko udan okupatu zuten 30 pertsona inguruk. Hamar urte baino gehiago hutsik egondako bloke bat «birjabetzeko» asmoarekin. Etxebizitza Sindikatuak «etxebizitza lortzeko beste aukerarik ez zuten» pertsona horiei babesa eskaini zien, eta «espazioa antolatu eta defendatzeko baliabide guztiak» jarriko zituela adierazi zuen.

Etxegabetze express

Handik sei hilabetera, abenduan, eraikin horretan bizi ziren bost familia etxegabetuak izateko arriskuan zeudela ohartarazi zuen Etxebizitza Sindikatuak, eta «etxegabetzeen aurka, langile kontrola» aldarrikatu zuen. Azaldu zutenez, «etxegabetze express» prozeduraren lehen kasuetako bat izan da Gasteizen; formula juridiko horren arabera, etxegabetutako bizilagunek ez dute helegitea aurkezteko aukerarik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide