Herrandarren kaleko hamabost bizilagun etxegabetuko dituzte urtarrilaren 26an

Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 18a

Hamabost pertsona bizi dira Herrandarren kaleko 15. zenbakian. / ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Etxegabetze agindua iritsi zaie Herrandarren kaleko 15. zenbakian okupatutako eraikinean bizi diren hamabost lagunei. Urtarrilaren 26an bertaratzeko dei egin du Etxebizitza Sindikatuak, etxegabetzea gelditu eta "irtenbide eraginkorrak" mahaigaineratzeko.

Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi du urtarrilaren 26an, 11:00etan, hamabost pertsonaren etxegabetzea gauzatuko dela Gasteizko Herrandarren kaleko 15. zenbakian. "Inongo alternatibarik eskaini gabe, pertsona horiek kale gorrian geratu daitezke egun horretan", salatu dute. 

Egun horretan, 10:30ean bertaratzeko deialdia zabaldu du Etxebizitza Sindikatuak, egoera salatzeko asmoz eta "eraginkorrak izan daitezkeen irtenbideak mahaigaineratzera bidean". Deialdia zabaltzeko, gainera, bideo bat plazaratu dute.

 

"Birjabetutako" eraikina

Herrandarren kaleko 15. zenbakiko blokea 2020ko udan okupatu zuten 30 pertsona inguruk. Hamar urte baino gehiago hutsik egondako bloke bat "birjabetzeko" asmoarekin. Etxebizitza Sindikatuak "etxebizitza lortzeko beste aukerarik ez zuten" pertsona horiei babesa eskaini zien, eta "espazioa antolatu eta defendatzeko baliabide guztiak" jarriko zituela adierazi zuen.

Bost familia, kalera

Handik sei hilabetera, abenduan, eraikin horretan bizi diren bost familia etxegabetuak izateko arriskuan zeudela ohartarazi zuen Etxebizitza Sindikatuak, eta "etxegabetzeen aurka, langile kontrola" aldarrikatu zuen. Azaldu zutenez, "etxegabetze express" prozeduraren lehen kasuetako bat litzateke hau Gasteizen, eta, formula juridiko horren arabera, etxegabetuko dituzten bizilagunek ez dute helegiterik aurkezteko aukera.

Azkenik, urtarrilean iritsi da behin betiko etxegabetze-agindua: Herrandarren kaleko 15. zenbakia borondatez utzi ezean, polizia etxegabetzea gauzatzera bertaratuko da, urtarrilaren 26an, 11:00etan.

Etxebizitza Sindikatuaren prentsaurrekoa abenduan, etxegabetzeaz ohartarazteko. / ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago