Iragan ostiralean, Etxebizitza Sindikatuak publiko egin zuen "etxebizitza lortzeko beste aukerarik ez zuten" 30 persona inguruk astebete baino gehiago daramatela "birjabetutako" eraikinean bizitzen. Sindikatuaren arabera, eraikina herentzia bidez jaso duen familia baten jabetzakoa da.
"Ikusezina dena -ia 30 pertsona kalean egotea- aldi berean gatazka eta konponbide bilakatu da", ohartarazi dute, eta sindikatuak ekintza babestu eta bere baliabide guztiak "espazio berri hau langileen kontrolpean antolatu eta defendatzeko" jarri dituela iragarri du.
Sindikatuak "kalkulu zintzoa" egitera gonbidatu du Udala, eta pertsona horien etxebizitza eskubidea nola bermatuko den negoziatzeko prest dagoela gaineratu du; Udalarekin, eta baita eraikinaren jabearekin ere. Hori posible egiteko, Udalak eta higiezinen baliabide materialak erabiltzea proposatu dute: "Zein da arazo handiagoa Udalarentzat? Dozenaka pertsona kalean egotea edo hutsik dagoen eta erabilerarik ez duen jabetza batean bizitzen egotea?".
Azkenik, "doako eta kalitatezko etxebizitza unibertsala" etxebizitzaren arazoa desagerrarazi dezakeen "zerumuga estrategiko bakarra" dela aldarrikatu, eta ildo horretan lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Desalojo saiakera
Ostiralean bertan, Ertzaintza bertaratu zela ohartarazi zuen Etxebizitza Sindikatuak, baina desalojo saiakera gelditzea lortu zuten han bildutakoek. Sare sozialen bitartez azaldu dutenez, polizia atarira sartu ondoren etxebizitzetan jendea zegoela ikusi eta salaketa jartzeko epaitegietara jo behar izan zuten.
Eraikina "gatazka egoeran" jarraitzen duela azaldu dute, eta Etxeen Babes Sarea izeneko Whatsapp kanal bat sortu dute "babesa lortu eta antolatzeko".
Gogorarazi dutenez, ordenamendu juridikoak "bizileku bortxaezintasuna" defendatzen du, Prozedura Zibilaren Legearen 545 eta 553. artikuluen arabera. Araudi horren arabera, oraingoz, poliziak ezin du esku-hartu eraikin horretan, jendea bertan bizi dela astebete baino gehiago igaro delako. Hortaz, desalojo saiakeren aurrean, etxebizitzarako sarrera salatu egingo dutela ohartarazi dute, Zigor Kodearen 534. artikuluan jasotako bizileku-bortxaketaren delituagatik.
| ATZOKO EGUNAREN HARIRA ????️
— Etxebizitza Sindikatua (@EtxeSindikatua) July 4, 2020
????Hari honetan atzo gertatutakoaren inguruko azalpena eman eta zenbait ondorio plazaratuko ditugu
[Haria????] pic.twitter.com/pJmKPCvb1z
Etxebizitzaren arazoa
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak ekintza aldarrikatzeko zabaldutako oharrean azaldu du sindikatua martxan jarri zutenetik langileriak pairatzen duen "errealitate gordinarekin" kontaktuan egon dela, eta etxebizitzaren arazoa ez dela Covid-19aren osteko zerbait berria: "Etxebizitzaren arazoa errealitate ukaezina da proletalgoarentzat, eta ustekabeko fenomenoa izatetik urrun".
"Egiturazko arazo bat" dela argi dute, eta "klasetan banatutako eta irabazien metaketa etengabera bideratuta dagoen sistematik" eratorri den arazoa dela uste dute: "Ugazabaren jazarpen etengabeak jasaten dituztenak, higiezin agentzien gose espekulatzaileak estafaturikoak, janari bonuak sumisioa lortzeko estortsio tresna modura erabiltzen dituzten gizarte zerbitzuen xantaia jasaten dutenak, legez kanpoko azpierrentetan pilatuta bizi direnak, etxegabetu arte atzera kontu jasanezin batean bizi direnak zein karitate hutsagatik lo egiten zuten sofatik modu isilean bota dituztenak".
Zentzu horretan, "aldaketarako berme bakarra proletalgoaren antolaketa independentea" dela deritzote, ez inbertsio handiagoa aldarrikatzen duten "errezeta alderdikoiak".