Su artifizialekin esnatu da Gasteiz, bi gazte arabarren aurkako epaiketa salatzeko

Erredakzioa 2021ko urt. 20a, 09:00
Su artifizialak goizeko zazpiak aldera entzun dira hiri osoan. / HALA BEDI

Gasteiztar asko asaldatuta esnatu dira asteazken honetan. Izan ere, su artifizialak jaurti dituzte hiriburuko hainbat puntutatik, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako epaiketa salatzeko.

Bizilagun askok pentsatu dute tiroak izan zitezkeela —ALEAko irakurle batzuek ere galdetu digute gertatutakoaz—, eta Udaltzaingoak ere dei bat jaso du egoeraren berri emateko. Ondoren, San Sebastian Eguna ospatzeko zela pentsatu dute askok.

Baina, Hala Bedik argitaratu duenez, egia bestelakoa da: Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu. Eta su artifizialak bi gazte arabarren epaiketa salatzeko jaurti dituztela azaldu du Hala Bedik. Hala ere, ANkerkeriari Stop herri ekimenak ez du, oraingoz, ekimenaren inguruko adierazpenik egin.

Larunbatean, ANkerkeriari Stop lelopean egindako manifestazioaren ostean, Gasteizen berriro mobilizatuko dira ostegunean, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Amurrion, berriz, ostiralean aterako dira kalera, 18:00etan Herriko plazatik.

Ekimenaren bideoa Hala Bedik argitaratu du, eta lotura honetan ikus dezakezue.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide