Ia bi urte igaro dira Duranan aurkitutako suziri batzuen harira Ertzaintzak bi gazte arabarrak atxilotu zituenetik, 2019ko otsailaren 7an. Hainbat hilabete espetxean izan ondoren, 2019ko abuztuan baldintzapean aske utzi zituzten. Orain, Fiskaltzak 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du gazte bakoitzarentzat.
"Helburu terroristarekin armak, munizioak eta lehergaiak zein horien osagaiak gordetzea eta trafikatzea" egotzita, urtarrilaren 21ean eta 22an Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte Zelaia gasteiztarra eta Barbado amurrioarra.
Epaiketaren aurrean, ANkerkeriari Stop herri ekimena aurkeztu dute ostegun honetan. "Oso kezkatuta gaude Aitor Zelaia eta Galder Barbadori gertatzen ari zaien guztiarekin; larrituta gaude, datozen egunetan kartzela zigor eskaera neurrigabeei aurre egin beharko baitiete", salatu dute Judimendiko Auzo Elkartean egindako agerraldian.
Manifestazioa urtarrilaren 16an
ANkerkeriari Stop herri ekimenak herrialde mailako mobilizazioa deitu du datorren larunbaterako, urtarrilaren 16rako, Ankerkeriari STOP! Aitor eta Galder aske! lelopean. 17:30ean abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik. Epaiketaren egunetan ere, bestelako ekimenak eta mobilizazioak egingo dira Amurrion eta Gasteizen.
Mobilizazioekin batera, norbanakoen eta kolektiboen atxikimendu kanpaina bat abiarazi dute www.ankerkeriastop.eus webgunean ireki duten atarian. Horrez gain, beste era batzuetan babesa adieraztera gonbidatu dituzte herritarrak; horretarako, webgunean hainbat baliabide jarri dituzte eskuragai. Besteak beste, WhatsApp profileko argazkia jartzea eta kartelarekin ateratako argazkiak sare sozialetan konpartitzea proposatu dute, #ANkerkeriariSTOP traola erabiliz.
Epaiketaren aurkako ekimena
"Jada, badira 10 urte beste testuinguru batean murgildu ginela, baina estamentu faktikoek iraganera kateatuta nahi gaituzte, kosta ahala kosta: kartzelak hustu beharrean haiek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute, eta mendekuan oinarritutako politika bidegabeak aplikatzen segitzen dute", salatu dute Zelaia zein Barbadoren ingurukoek, herri ekimenaren aurkezpenean.
"Epaiketa politiko" gisa definitu dutenaren aurrean, "konponbidea, demokrazia eta justizia" aldarrikatu dituzte, besteak beste. "Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako auzia beste oztopo bat gehiago da, baketik urruntzen gaituena eta iraganeko amesgaiztoak gogora dakarzkiguna", deitoratu dute.
"Pertsona guztiek eskubide berberak dituzten jendarte bat" exijitu dute. Ildo horretan, duela urte batzuk Amurrion gertatutakoarekin alderatu dute auzia: "Polizia ohi batek zigorgabetasun osoz tiro egin dezake familia abertzale baten etxera, inolako ondorio politiko eta penalik gabe; Galder eta Aitor, berriz, kartzelan sartu zituzten froga lausoak aurkeztuta; eta lekuz kanpo dagoen prozesu kafkiarrean murgildu dituzte, salbuespenezko kartzela zigor luzeak ezartzeko asmoz".
"Ezin diegu utzi Galder eta Aitor eraman ditzaten; ezin diegu utzi, hain dago lekuz kanpo", azpimarratu dute ekimenaren kideek. "Hau ez da bi gazteren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua baizik".
"Gure elkartasuna eta babesa adierazten diegu Galderri eta Aitorri, eta ozen exijitzen dugu haien aurkako prozesua berehala geldi dezaten; epaiketa honen larritasunak sekulako dimentsioa du", salatu dute.