Kartzelan sartuko dute 2019ko Urteberrian Gaztetxean atxilotutako gazteetako bat

Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 15a

2019ko Urteberri eguneko istiluen irudiak berehala biralizatu ziren. / WHATSAPP

26 urteko gazte bati hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, 2019ko urtarrilaren 1eko goizaldean Gasteizko Gaztetxean gertatutako istiluengatik. Datozen asteetan kartzelan sartu beharko da.

2019ko Urteberri eguneko 9:00ak ziren Gasteizko Udaltzaingoa Gaztetxean agertu zenean. Gabon Zaharreko jaia luzatu zen muinoko etxean, eta ordutegia ez errespetatzeagatik Polizia bertaratu zen. Orduan, istiluak hasi ziren, eta udaltzainek bost gazte atxilotu zituzten "agintaritzari eraso egiteagatik".

Gertatutakoaren irudiak berehala biralizatu ziren sare sozialen bitartez, eta baita prentsan ere, 150 gazte eta 30 bat udaltzainen arteko liskarrak zirela eta. Udaltzaingoaren bertsio ofizialaren arabera, jendetzak bi agente inguratu zituen okupatutako eraikinean; ustez, lankideek askatu behar izan zituzten.

Gasteizko Gaztetxeko asanbladak, ordea, "bortizkeria poliziala" salatu eta kargak "aurretiazko abisurik gabe" hasi zirela salatu zuen ohar batean, eta "arazorik ez duen espazio baten irudi okerra" eskaini nahi izatea leporatu zion Udalari.

Atxilotutako gazteetako bat Zaballan espetxeratu egin zuten, Guardiako Epaitegitik igaro ondoren, "agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik" aurretik zeukan atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu judizial bat zela eta. Besteak aske gelditu ziren, epaiketa iritsi bitartean.

Datozen asteetan, 26 urteko gazte hori kartzelan sartuko dute. Aurrekari penalak dituenez eta Udaltzaingoko lekuko ugarik bere kontrako bertsioa eman dutenez, bere abokatuak akordio bat hitzartu zuen Fiskaltzarekin. Guztira, hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra onartu zuen, agintaritzaren aurkako atentatu delitu batengatik. Horrekin batera, 756 euro ordaindu beharko ditu; bi lesio delitu arinengatik ezarritako isuna eta kalte-ordaina bi udaltzaini.

7.000 euro isunetan

Urte eta erdi beranduago, 2020ko irailean, inplikatuetako lauk euren erantzukizuna onartu zuten epaiketan. Zigor arloko 1. epaitegiak zigor txikiagoak ezarri zizkien "atentatu eta lesio" delituengatik. Hortaz, hiru auziperatuk urte eta erdiko kartzela zigorra jaso zuten, eta laugarren batek hiru hilabetekoa. Aurrekari penalik ez zutenez, ez zituzten espetxeratu, baina, hori bai, 7.000 euro ordaindu behar izan zituzten, isunak eta kalte-ordainak zirela eta.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago