7.000 euroko isuna 2019ko Urteberri egunean Gaztetxean jazotako istiluengatik

Erredakzioa 2020ko ira. 7a, 16:55
2019ko Urteberri eguneko istiluen irudiak berehala biralizatu ziren. / WHATSAPP

2019ko urtarrilaren 1eko goizean, Udaltzaingoak bost gazte atxilotu zituen Gasteizko Gaztetxean. Istiluengatik auziperatutako lau gaztek zigor txikiagoa onartu dute, eta ez dira kartzelara joango.

Urteberri eguneko 9:00ak ziren Gasteizko Udaltzaingoa Gaztetxean agertu zenean. Gabon Zaharreko jaia luzatu zen muinoko etxean, eta ordutegia ez errespetatzeagatik Polizia bertaratu zen. Orduan, istiluak hasi ziren, eta udaltzainek bost gazte atxilotu zituzten "agintaritzari eraso egiteagatik".

Gertatutakoaren irudiak berehala biralizatu ziren sare sozialen bitartez, eta baita prentsan ere, 150 gazte eta 30 bat udaltzainen arteko liskarrak zirela eta.

 

Udaltzaingoaren bertsio ofizialaren arabera, jendetzak bi agente inguratu zituen okupatutako eraikinean; ustez, lankideek askatu behar izan zituzten. Gasteizko Gaztetxeko asanbladak, ordea, "bortizkeria poliziala" salatu eta kargak "aurretiazko abisurik gabe" hasi zirela salatu zuen ohar batean, eta "arazorik ez duen espazio baten irudi okerra" eskaini nahi izatea leporatu zion Udalari.

Gertaeretatik urte eta erdi igaro da, eta inplikatuetako lauk euren erantzukizuna onartu dute epaiketan, El Correo egunkariak argitaratu duenez. Zigor arloko 1. epaitegiak zigor txikiagoak ezarri dizkie "atentatu eta lesio" delituengatik. Hortaz, hiru auziperatuk urte eta erdiko kartzela zigorra jaso dute, eta laugarrenak hiru hilabetekoa.

Aurrekari penalik ez dutenez, ez dute espetxera joan beharko, baina, hori bai, 7.000 euro ordaindu behar izan dituzte, isunak eta kalte-ordainak direla eta. El Correoren arabera, udaltzain batek 90 egun behar izan zituen sorbalda baten mugikortasuna berreskuratzeko, eta oraindik ere ondorioak pairatzen ditu.

Gazte bat espetxeratua

Gogoan izan behar da, halaber, atxilotutako gazteetako bat Zaballan espetxeratu egin zutela Guardiako Epaitegitik igaro ondoren, "agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik" aurretik zeukan atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu judizial bat zela eta. Besteak aske gelditu ziren, epaiketa iritsi bitartean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide