Gabonzahar gaueko jai-giroak ezusteko bukaera izan du Gasteizko Gaztetxean goizeko 9:00ak aldera. Udaltzaingoak jakitera eman duenez, bizilagunek gehiegizko zarata argudiatuta emandako abisuari erantzunez, zenbait udaltzain Gaztetxea ixteko intentzioz bertaratu dira.
Iturri ezberdinek aditzera eman dutenez, hogei udaltzain inguruk osatutako taldeak barnean zeuden gazteak kalera atera eta eraikina itxi nahi izan dute. Ondorioz tentsio momentuak bizi izan dira eta Poliziak modu oldarkorrean erantzun dio egoerari.
Bost lagun atxilotuak izan dira momentuan, baina Hala Bedi irratiak aditzera eman duenez dagoeneko aske utzi dituzte eta epailearen aurrean deklaratu beharko dute. Atxilotuez gain, beste zenbait gazte ere identifikatuak izan dira goizeko istiluetan.
Gazte asanbladak argitaratutako ohar laburrean, argi utzi nahi izan du ez dela Gaztetxea husteko saiakerarik egon eta “Herri Mugimenduko espazioen kontrako salbuespeneko jarrera” salatu nahi izan dute.