Armentia-2n gasa zundatzeko lizentzia ukatzeko eskatu dio Berriztuk udal gobernuari

Erredakzioa 2020ko abe. 21a, 11:22

Berriztuk deitutako mobilizazioa, larunbatean Gasteizko udaletxearen aurrean. / BERRIZTU

Larunbatean, dozenaka lagun mobilizatu ziren Gasteizko udaletxearen aurrean. Udalari, alkateari eta PSEren udal taldeari SHESAk eskatutako lizentzia ukatzea eta "beste energia eredu baten alde" egitea eskatu die Berriztuk.

Azken asteetan Arabako aktualitatearen erdigunean izan da Armentia-2 putzuan gasa ote dagoen esploratzeko SHESAk Gasteizko Udalari eskatutako lizentzia. Alde batetik, abenduaren 15ean, Gorka Urtaran alkateak lizentziaren eskaera defendatu zuen; Berriztuk eta oposizio osoak Subilla Gasteizko gas zundaketa gelditzeko exijitu zioten.

Egun batzuk beranduago, proiektuari gehiengoz uko egin zioten Batzar Nagusiek, EH Bilduren ekimenez eta gehiengoak Gobernuko kide PSEren ordezteko zuzenketa onartu ostean. Horrela, Arabako legebiltzarrean,EAJ bakarrik geratu da Subilla Gasteizko gas zundaketaren defentsan.

Larunbat honetan, Berriztuk elkarretaratze bat egin du Gasteizko udaletxearen aurrean. Bertan, talde ekologistak proiektuaren ibilbidea gogorarazi zuen: "Urte luzez herritarren ezezkoa eduki ondoren, 2014an gas proiektuaren aurka 40.000 sinadura jaso ondoren, 2018an alkateak berak talde sozialistarekin batera proiektu horri buruzko herri-galdeketa bat ukatu ondoren, oraindik beren proiektuei eusten jarraitzen dute".

Hori dela eta, udal gobernuaren "jarrera antidemokratikoa" salatu du Berriztuk: "Izan ere, Green Capital, larrialdi klimatikoa, trantsizio energetikoko ministerioak eta herritarren parte hartzea bezalako ideiak saltzen dizkigute, baina herritarrek errefusatutako erregai fosilen alde egiten jarraitzen dute, energia berriztagarrietan oinarritutako trantsizio batean inbertitu beharrean".

 

Ehunka putzu egiteko plan bat

Beste argudiorekin batera Berriztuk ohartarazi duenez, Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) ez du baimentzen eskatutako tokian putzu bat egitea. Gainera, putzuaren lekuan 72,5 milioi metro kubiko dituen Subilla Gasteizko akuiferoa dago, EAEko ur-erreserbarik handiena: "Azken egunotan ura Wall Streeten etorkizuneko merkatuan kotizatzen hasi dela badakigu, eta gasaren zoroek gure akuiferoa zeharkatuko dute Armentia-2 putzua egiteko", salatu dute.

"SHESAk, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk sustatutako eta itxuraz kaltegarria ez den Armentia-2 esplorazio-putzuaren atzean, ehunka mila hektareatan eragina duen plan handi bat dago eta ez da putzu isolatu bat", ohartarazi du Berriztuk. "Ametsgaiztoa dirudien erauzketa plan baten hasiera besterik ez da, ondoren euskal lurraldean ehunka putzu egin ahal izateko".

Errentagarritasun eza

SHESAren kontuen arabera, azken 10 urteetan diru publikotik 80 milioi euro baino gehiago galdu ditu hidrokarburoen sozietate publikoak. Berrizturen ustez, "ez da onargarria klima larrialdi egoera ezarri eta urtebetera Eusko Jaurlaritzak diru publikoa botatzen jarraitzea gas ez-konbentzionaleko putzu bat esploratzeko eta ustiatzeko".

Izan ere, Berriztuk gogorarazi duenez, leku berean Armentia-1 putzua zulatu egin zen duela urte batzuk, eta ondorioztatu zen Arabako gas aztarnategi hori ez dela errentagarria. "SHESAk putzu askotan parte hartu du azken 37 urtetan, eta ez du errentagarritasunik erakutsi", kritikatu dute, Eusko Jaurlaritzari proiektua baztertzeko eta sozietate publikoa desegiteko eskatuz.

Interpelazioa PSEren udal taldeari

Horrenbestez, Berriztuk Gasteizko Udalari eskatu dio "herritarrei eta sailetako txosten teknikoei kasu egiteko" eta putzurako lizentzia ukatzeko. "Aldundiko PSEren jarrera ikusi ondoren, Udaleko PSEri eta, zehazki, Maider Etxebarriari eskatzen diogu jarrera bera har dezala eta Armentia-2 putzua marra gorri bat izan dadila Urtaranen EAJrekin duen gobernu akordioan", eskatu du Berriztuk.

"Aspalditik beste talde politikoek adierazi dutenaren eta Arabako gizartearen gehiengoaren iritziarekin bat etorriz, Gasteizko Udaleko hainbat sail eta zerbitzuk, hala nola Hirigintzak, Ingurumenak eta Landa Eremuak, ezezko iritzia eman dute Armentia-2 gas putzuari dagokionez. Gogoratu behar dugu, halaber, 2012an Gasteizko Udalak bi putzu egiteko lizentzia ukatu ziola SHESAri, CEAren txosten batean oinarrituta", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago