Armentia-2ko gas proiektuari gehiengoz uko egin diote Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2020ko abe. 16a, 12:59
Armentia-2 putzuan gas zundaketa egiteko udal lizentzia eskatu du SHESAk. / ALEA

EH Bilduren ekimenez eta gehiengoak PSEren ordezteko zuzenketa onartu ostean, Armentia-2 gas putzua ustiatzeko proiektua baztertu dute Arabako Batzar Nagusiek. EAJ bakarrik geratu da Subilla Gasteizko gas zundaketaren defentsan.

Lurraldeko legebiltzarreko osoko bilkurak gehiengoz baztertu du Subilla Gasteizko Armentia-2 gas putzua ustiatzeko proiektua. EH Bilduren mozioa ordezteko PSEk aurkeztutako zuzenketaren alde bozkatu dute PSEk, EH Bilduk eta Podemosek; PPren abstentzioarekin, bakarrik EAJk bozkatu du mozioaren kontra.

Euskal Sozialistak (PSE) batzarkide taldeko bozeramaile Jon Nogalesek aurkeztutako eta osoko bilkuraren gehiengoak onartutako behin betiko mozioaren lehen puntuaren arabera, Arabako Batzar Nagusiek uko egin diote Armentia-2 gas putzua esploratzeko zein ustiatzeko proiektuari.

Bigarren puntuaren arabera, Batzar Nagusiek erakunde eskudunei eskatzen diete "Gasteizen interes gorena defendatzeko, indarrean dagoen araudia betez, Subillan hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko edozein lizentzia-eskabideren aurrean". Are gehiago, hirugarren puntuan, Espainiako Kongresuari eskatzen diote "lehenbailehen onar dezala Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea, berariaz debekatuko duena hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko jardueretarako baimen berriak ematea".

Halaber, Eusko Jaurlaritzari "euskal energia-sistemaren deskarbonizaziorantz eta jasangarritasunerantz aurrera egiteko konpromisoari eustea" eskatu diote; baita "eredu ekonomiko eta energetiko berri baterantz eboluzionatzearen alde egitea" ere. Zentzu horretan, 2050erako erregai fosilak askatzearen eta berotegi-efektuko gasen emisioak neutralizatzearen alde egitea aldarrikatu dute, "Europako Batasunaren konpromisoekin bat etorriz".

Mozioaren azken puntuan, Arabako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "eguneratu dezala Euskadi 2030 Energia Estrategia", energia eraginkortasuna handitzeko, energia berriztagarrien sorrera eta kontsumoa areagotzeko eta energia ikerketaren euskal estrategian sakontzeko, "energia-trantsizio justurako funtsezko palanka gisa".

Erabaki "historikoa"

EH Bilduk "historikotzat" jo du asteazken honetan Arabako Batzar Nagusietan hartutako erabakia. "Ramiro Gonzalez eta EAJ bakarrik geratu dira defendaezina defendatzen", adierazi dute. Gainera, subiranisten ustez, "Eusko Jaurlaritzak aintzat hartu beharko du Batzar Nagusietan gertatutakoa".

Kike Fernandez de Pinedo batzarkideak gogorarazi duenez, 100 urtez gasa eta petrolioa bilatu eta 55 putzu baino gehiago zulatu dira Araban. Hala ere, EAJk "gas putzuekin obsesionatuta" jarraitzen duela salatu du EH Bilduk: "Hau ez da serioa; ezin duzue lurrarekin, urarekin eta guztion diruarekin jolastu".

EH Bilduko bozeramaileak, halaber, "positibotzat" jo du Gobernuko kide PSEk emandako urratsa. "Bozketaren ostean, Arabako gizarteak, lurraldeak, planetak eta sen onak irabazi dute; burugogorkeriak, SHESAk eta EEEk galdu egin dute estrategia gasistiko okerra", baloratu dute subiranistek.

"Ez dira sinesgarriak. Ez dira koherenteak. Ezin dute Araba Klima 2050 estrategia diseinatu Araba deskarbonizatzeko eta gas putzuak defendatzen jarraitzeko", aurpegiratu dio Fernandez de Pinedok ahaldun nagusiari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide