Berriztuk eta oposizio osoak Subilla Gasteizko gas zundaketa gelditzeko exijitu diote Udalari

Erredakzioa 2020ko abe. 15a, 13:04
Berriztu plataformaren prentsaurrekoa Gasteizko udaletxearen aurrean. / BERRIZTU

Gorka Urtaran alkateak Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa ote dagoen ikertzeko lizentzia ematea defendatu du. Oposizioko talde guztiek lizentzia ukatzea eskatu diote, eta Berriztuk mobilizazio bat deitu du abenduaren 19rako.

Astearte honetan, Gorka Urtaran alkateak agerraldia egin du Klima Ekintzarako udal batzordean, eta Subilla Gasteizen gasa dagoen ikertzeko lizentzia eman ala ez erabakitzerakoan "Gasteizen interesa guztiaren gainetik" jartzea defendatu du. Urtaranek "transtsiziorako energiarik onena" dela azpimarratu du; hala ere, ziurtatu duenez, energiari buruzko irizpideak edozein direla ere, txosten teknikoa kontrakoa bada, ez da baimenik emango, "lehentasuna Plan Orokorraren defentsa delako".

Gogorarazi duenez, Subillan gas naturala dagoen ala ez ikertzeko proiekturako udal lizentzia eskatu du Eusko Jaurlaritzaren jabetzako SHESA hidrokarburoen sozietateak, baina Gasteizko Udala ez da ekimen horren sustatzailea edo arduraduna: "Lurpean zer dagoen jakin nahi da, eta Udalak oraindik ez du iritzirik eman lizentzia emateari buruz. Hirigintza eta legedi azterketaren zain gaude", azaldu du Urtaranek.

Hala ere, alkateak adierazi du "guztiz bat" datorrela Energiaren Euskal Estrategiarekin, "errealista delako eta ahalik eta eperik laburrenean %100 berriztagarriak eta erabat garbiak diren energiak erabiltzea errazten duelako; bitartean, ordea, urte batzuetan trantsizio aldi bat igaro beharko dugu". Gainera, herritarrek gasa dagoen ala ez jakiteko eskubidea dutela aldarrikatu du.

Gorka Urtaran alkatearen agerraldia Klima Ekintzarako udal batzordean. / UDALA

 

Oposizio osoa kontra

Gasteizko Udaleko oposizioko talde guztiek —EH Bildu, Elkarrekin eta PP—, ordea, lizentzia ukatzea exijitu diote EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuari, aho batez; Elkarrekin taldeak, gainera, eskakizun hori jarri du mahai gainean aurrekontuei babesa eman ala ez erabakitzeko.

Elkarrekin taldeko bozeramaile Oscar Fernandezek "arduragabe" deitu dio Urtarani, "hiriaren eredu energetikoa hipotekatzeagatik". Halaber, salatu du Eusko Jaurlaritzak diru publikotik 8 milioi euro gastatuko dituela proiektua gauzatzeko.

"EH Bilduk ez du aukera posibletzat ere jotzen udal gobernuak gasa esploratzeko baimena ematea. Gobernuak araudia bihurritu nahi badu, aurrean izango gaitu", ohartarazi du Amancay Villalba zinegotziak. "Udal hirigintza plangintzarekin bateraezina den proiektua da; egungo HAPOaren erredakzioak ez du aipaturiko jarduera onartzen".

Gainera, talde subiranistak gogorarazi duenez, hainbat udal erakunde proiektuaren aurka agertu dira dagoeneko, hala nola Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (IGI/CEA), landa eremuko zerbitzua edo Ingurumen eta Hirigintza Sailak. Gainera, salatu dutenez, eskaera duela bi hilabete sartu zen Udalean, baina "ez du ohiko prozedura jarraitu"; hau da, Aldizkari Ofizialean argitaratzea, alegazioak aurkeztu ahal izateko.

PPko zinegotzi Alfredo Iturrichak Gasteizko ibilbidearen kontrako "errespetu falta" gisa definitu du egitasmoa; izan ere, "ingurumenarekiko jasangarritasunean eta errespetuan oinarritutako" hiria dela gogorarazi du, eta "green eredua" aldarrikatu du. Gainera, EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren interesei aurre egitera gonbidatu du alkatea.

Larunbatean, manifestazioa

Alkatearen agerraldiaren ostean, Berriztu plataformak prentsaurrekoa egin du Plaza Berrian. Larunbat honetan, abenduaren 19ko 12:00etan, zundaketaren aurkako eta "beste eredu energetiko baten" aldeko elkarretaratzea deitu du talde ekologistak, Atea itxi erregai fosilei lelopean.

Prentsaurrekoan gogorarazi dutenez, gas proiektuak herritarren ezezkoa izan du azken urteetan. 2014an, 40.000 sinadura jaso ziren proiektuaren aurka, baina, 2018an, Gasteizko Udalak uko egin zion horri buruzko herri-galdeketa bat egiteari: "Oraindik beren proiektuei eusten jarraitzen dute", deitoratu dute Berriztuko bozeramaileek, eta EAJ eta PSEren udal gobernuaren "jarrera antidemokratikoa" kritikatu dute.

Gainera, SHESA sozietateak azken 10 urteetan diru publikotik 80 milioi euro baino gehiago galdu dituela gogorarazi dute: "Ez da onargarria klima larrialdi egoera ezarri eta urtebetera Eusko Jaurlaritzak diru publikoa botatzen jarraitzea gas ez-konbentzionaleko putzu bat esploratzeko eta ustiatzeko".

Ildo horretan, Berriztuk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "diru publikoa xahutzeari uzteko", Araban gasa esploratzeko planak bertan behera uzteko eta Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA) sozietate publikoa desegiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide