Kaleratzeen kontrako greba "historikoa" Aernnovako ingeniaritza sailean

Erredakzioa 2020ko abenduaren 16a

Astearte honetan, bere historiako lehenengo greba bizi izan du Aernnova Engineering enpresak. Azaroan gauzatutako lau kaleratzeak eta enplegua erregulatzeko espedientearen "mehatxua" salatu dituzte langileek.

"Egun historikoa" izan da abenduaren 15a Aernnova Engineering osatzen duten AES eta AED enpresako langileentzat. Izan ere, euren historiako lehen greba eguna egin dute Aernnovako ingeniaritza sailean, kaleratzeen aurka eta enpresaren enplegu politikaren kontra.

Azaroan, zuzendaritzak diziplinazko 4 kaleratze egin zituen sail horretan, eta, langileen ordezkariek azaldu dutenez, "enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) mehatxua mahai gainean jartzen ari dira etengabe". AED eta AES enpresetako batzordeek eta langileek adierazi dute ez dituztela horrelako neurriak onartuko: "Ez kaleratze librerik orain egin duten bezala, ezta EEErik ere; ez ditugu bake sozialean lagunduko, eta garesti ordainduko dute etorkizunean halakorik egin nahi izanez gero", ohartarazi dute.

ELA sindikatuaren arabera, "arrakasta handiko" greba izan da, gainera; "aurrerapauso" gisa definitu dute ingeniaritza arloko langileen mobilizazioa, eta "borrokan" daudela jakinarazi dute. Eusko Jaurlaritzan elkartu eta gero, manifestazioa Legebiltzarreraino iritsi da. Bertan, ingeniariak "ondorengoak" izan daitezkeelako ustean, Aernnovak Berantevillan duen lantegiko beharginei elkartasuna adierazi diete.

"Industria 4.0 politikaren hilketa eta I+D+I zein Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza guztien bukaera" salatu dituzte. Aernnovako langileak haserre daude, gainera, euren ustez, laguntza horiek kaleratzeak ordaintzeko erabiltzen dituelako enpresak: "Gure diruarekin kaleratzen gaituzte, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arantza Tapiak ez dute ezer esaten; interpelazio zuzena egiten diegu egoera lotsagabe honi amaiera emateko".

Milioika euro irabazietan

Gainera, Aernnovaren azken urteetako irabaziak eta banatu dituen dibidenduak milioika eurokoak direla gogorarazi dute langileek. Testuinguru horretan, azpimarratu dute ez dela onargarria "etorkizuneko sektore bati eta balio erantsi handia duen sektore bateko langileak kaleratzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago