Aernnovak 100 langile kaleratuko ditu Berantevillan, plantillaren %22

Erredakzioa 2020ko aza. 18a, 14:08

Aernnovak 100 langile kaleratuko ditu Berantevillako lantegian. / ELA SINDIKATUA

Aernnovako zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espedientearen berri eman dio enpresa batzordeari. Jardueraren %37ko jaitsiera eta 42 milioi eurotik gorako galerak argudiatuta, Berantevillako 100 langile kaleratuko ditu; plantillaren %22.

Berantevillako lantegian iragarritakoa baieztatu du Aernnovako zuzendaritzak. Enpresa aeronautikoak Araban duen lantoki nagusian otsailaren 1etik aurrera ezarriko duen enplegua erregulatzeko espedienteak (EEE) langileen %22ri eragingo die; hau da, gaur egun dituen 454 langileetatik 100 ingururi.

Jardueraren %37ko jaitsiera eta 42 milioi eurotik gorako aurtengo galerak argudiatu zuzendaritzak. Langileen ordezkarien arabera, "egoera koiunturala" da eta aeronautikaren sektore osoari eragiten dio; sindikatuen ustez, ez dago justifikaziorik "neurri estruktural eta traumatikoak" ezartzeko. Kaleratzeak ez diren beste aukera batzuk daudela aldarrikatu eta Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu dute.

Nolanahi ere, kaleratzeak 2021eko otsailaren 1etik aurrera gauzatuko dira. Era berean, lantegian geratuko diren langileen %15i aldi baterako lan erregulazio espedientea (ABLEE) ezarriko diete otsailaren 1etik abenduaren 31ra arte, "ahal den neurrian enpleguari eusteko".

Aernnovak nazioarteko plantillaren %20ko murrizketa iragarri zuen uztailean; orduan, 950 langile kaleratzeko asmoa aurreratu zuen orduan, horietatik 650 espainiar estatuko lantegietan. Enpresa taldeak zortzi planta ditu Araban, Miñaoko Parke Teknologikoan kaleratzeak hasi dira bertan ere, Gamarran, Legution eta Berantevillan; azken hori, Aernnovaren plantarik garrantzitsuena da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago