Kaleratzeak hasi dira Aernnovako ingeniaritza sailean

Erredakzioa 2020ko aza. 11a, 12:00

Iragan osteguneko elkarretaratzea Aernnovak Miñaon dituen enpresen aurrean. / ELA

Aernnovako zuzendaritzak enpresa batzordearekin abiatutako elkarrizketak eten ditu, ingeniaritza saileko lau langile kaleratu ostean. Kaleratzeak ostiralean iritsi ziren, ostegunean enpresa aurrean egindako elkarretaratze baten ondoren.

Lehen kaleratzeak izan dira Aernnovak Miñaoko Parke Teknologikoan duen ingeniaritza sailean; joan den ostegunean, aurreikusitako kaleratzeen aurkako elkarretaratze bat egin zuten bertako langileek. 24 ordu beranduago, zuzendaritzak lau langile kalean utzi zituen Aernnova Engineering Division (AED) eta Aernnova Engineering Solutions (AES) enpresetan.

Bi enpresa horiek ingeniaritza lanak egiteaz arduratzen dira, besteak beste, hegazkinen egiturak diseinatuz; gaur egun, 180 langile inguru ari dira bertan lanean.

Enpresak diziplinazko kaleratzeen formula erabili du, eta, ondorioz, langileak kalte ordainik gabe geratuko dira; formula bera erabili ohi Aernnovak Espainian dituen beste lantoki batzuetan. AED enpresak langileen "errendimendu txikia" argudiatu du, baina enpresa batzordeak argudioak oinarririk gabekoak direla eta auzitegiek atzera botako dituztela ziurtatu dute.

Kaleratzeen aurkako greba

Langileek batzarra egin dute aste honetan, eta greba egun bat deitzea erabaki dute, oraingoz data erabakitzeke dagoen arren.

Izan ere, lau kaleratze horiek Aernnovak udan egindako iragarpenaren testuinguruan kokatzen dira: munduan zehar dituen lantegietako plantilla %20 murrizteko asmoa du enpresak; plan horrek Espainiako estatu osoko 650 langileri eragingo die, eta nazioarteko beste 300 langileri.

Gainera, Aernnovako ingeniaritza saila lan erregulazioko espediente batean dago, gutxienez abenduaren 31ra arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago