Kutxiko ostalariek asteburu honetan ez irekitzea erabaki dute

Erredakzioa 2020ko abe. 10a, 18:25

Ostalarien aste honetako mobilizazioa Eusko Legebiltzarrean. / ALEA

Larunbat honetatik aurrera ostalaritza irekitzea baimenduta izango den arren, Kutxiko ostalariek planto egin dute eta ez dituzte tabernak irekiko. Hala erabaki dute ostegun honetan egindako asanblada batean.

Gasteizko Aiztogile kaleko tabernak itxita egongo dira asteburu honetan, Eusko Jaurlaritzak larunbatetik aurrera ostalaritza berrirekitzea baimendu duen arren. Alde Zaharreko kale nagusiko tabernek ez dute astelehenera arte irekiko.

Erabakia protesta gisa hartu dute. Izan ere, larunbatean, sektorearentzako erreskate plan bat exijitzeko manifestazioa deitu du SOS Ostalaritza plataformak. Gainera, hilabete baino gehiago itxita egon ondoren larunbat batean berriro irekitzea "arduragabea" iruditzen zaie; izan ere, jende pilaketak gertatuko ote diren beldur dira, eta ez dute nahi errua ostalariei botatzea.

Ez da lehenengo aldia Kutxiko ostalariek erabaki arduratsuen aitzindaritza bere gain hartzen dutela. Martxoan ere, pertsiana jaistea erabaki zuten, erakundeak neurriak hartzen hasi baino lehen.

Asteazken honetan egindako prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritza gogor kritikatu zuten, besteak beste, erabakiak hartzeko moduagatik. Neurriak jakinaraztean, "errespetuz tratatu eta behar besteko denboraz informatu" ditzatela eskatu dute ostalariek, negozioak behar bezala martxan jarri ahal izateko; kasu honetan, adibidez, bi egun baino ez dituzte izan, asteazken gauean neurria iragarri zenetik.

Aiztogile kaleko ostalarien erabaki zehatzetik harago, larunbatetik aurrera, EAEko taberna eta jatetxeek 20:00ak arte irekitzeko aukera izango dute; bai terrazak (%100eko edukierarekin) eta baita lokalak (%50eko edukierarekin) ere. Betiere, barran kontsumitzea debekatuta egongo da, oraingoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide