Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak ostalaritza irekitzea eta udalerrien artean mugitzea baimenduko du

Erredakzioa 2020ko abe. 9a, 20:12

Ostegun honetako LABIren bilera, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. / IREKIA

Larunbatetik aurrera, udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko du Eusko Jaurlaritzak, probintziaren barruan. Gainera, tabernak eta jatetxeak 20:00ak arte ireki ahal izango dira, beste neurri batzuen artean.

Asteazken honetan, 18:30etik aurrera bildu da Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea (LABI); bertan izan dira lehendakaria, EAEko sailburuak, diputatu nagusiak, hiriburuetako alkateak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.

Ondoren, aurreikusi baino ordu erdi baino gehiagoko atzerapenarekin, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak pandemiari aurre egiteko neurri berriak iragarri dituzte.

Gabonen atarian, Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurriak larunbatean, abenduaren 12an, sartuko dira indarrean, eta urtarrilaren 11n berrikusiko dituzte:

MUGIKORTASUNA

  • Probintziaren barruan, udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da.
  • Salbuespen gisa, probintzien eta autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna baimenduko da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.
  • Etxeratze agindua 22:00etatik 6:00etara; salbuespen gisa, abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, etxeratze agindua 1:30ean izango da.

GIZARTE TOPAKETAK

  • Gehienez 6 pertsona arteko taldeetan biltzeko aukera.
  • Gehienez 10 pertsona biltzeko aukera egongo da, Gabonetako bazkari eta afarietan: abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean.
  • Gabonetako jaiak, ospakizunak eta kabalgatak bertan behera, jende pilaketak saihesteko.

OSTALARITZA

  • Tabernak eta jatetxeak ireki daitezke; bai terrazak, eta baita lokalak ere.
  • 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, intzidentzia tasa 500etik beherakoa izan beharko da.
  • 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan tabernak zabaldu ahalko dituzte 500etik gorako intzidentzia tasabgainditu arren, egoerak ahalbidetzen badu.
  • Barruko edukiera %50ekoa izango da, eta terrazetan %100ekoa.
  • Ez da barrako zerbitzurik izango.
  • Ostalaritza 20:00etan itxiko da, eta 6:00etatik aurrera ireki ahal izango da; zerbitzuguneak izan ezik.
  • Janaria etxera eramateko zerbitzua 22:00ak arte baimenduko da.

BESTE NEURRIAK

  • Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da uneoro, elikagaiak edo edariak hartzen direnean izan ezik.
  • Kirol federatuko entrenamendua 6 pertsona arteko taldeetan egin ahal izango da.
  • Kirol jardueraren inguruko gainerako neurri murriztaileek bere horretan jarraitzen dute; besteak beste, eskola kirolak etenda jarraituko du.
  • Gabonetarako adinekoen egoitzetara bisitak egiteko berariazko araudia prestatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago