Ostegun honetan, Euskal Herriko ostalariek Eusko Legebiltzarreraino eraman dituzte euren aldarrikapenak; eguerdian, elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dituzte Gasteizen, LABIren arratsaldeko bilera dela eta. Izan ere, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak, beste neurri murriztaileez gain, ostalaritzaren inguruko erabakia hartuko du; bi aukera nagusi aurreikusten dira: tabernak eta jatetxeak berriro zabaltzeko baimena ematea larunbatetik aurrera, ala itxiera luzatzea —astebete edo gehiago—.
Pandemia hasi zenetik ia 9 hilabete igaro direnean eta ostalaritza bigarren aldiz itxi eta hilabetera, LABIren gaurko bileran hartuko diren erabakiek ostalaritzaren etorkizunean eragin zuzena eta erabakigarria izango dute: "Merezi dugun zehaztasun eta seriotasunez erabakitzea espero dugu", adierazi dute ostalariek, mesfidati.
Horren aurrean, SOS Ostalaritza plataformak manifestazioak deitu ditu larunbaterako, abenduaren 12rako, Konponbide duinak! lelopean; Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan —baliteke Baiona ere batzea— 17:30ean egingo diren mobilizazioez gain, herrietan ere mobilizatuko dira asteburuan zehar. Gasteizen, Bilbo plazatik abiatuko da manifestazioa.
"Ezin diogu eutsi"
"Ostalariok ezin diegu baldintza hauei gehiago eutsi; egoera agonikoa da, eta askok ezin izango dute berriro ireki", ohartarazi dute. Ostalarien ustez, "politikariak ez daude egoerak eskatzen duen mailan jokatzen ari"; gainera, "seriotasun falta" leporatu diete. Plataformaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 100.000 familia baino gehiago sostengatzen du ostalaritzaren sektoreak.
Hartara, premiazko erreskate plan bat aldarrikatu dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. "Azkarra, nahikoa eta eraginkorra" izan behar dela diote, gainera. "Momentuko arnas-hartze faltsuak besterik ez diren egoeraren araberako laguntza ziztrinetaz nazkatuta gaituzte; bitartean, egunez egun ostalaritza ito egiten da. Aski da!", deitoratu dute.
Laguntzen urritasuna
Ostalarien ustez, hori ez da konponbidea: "Komunikabideek diru laguntzen zenbaki global handien berri ematen dute, orain arteko galera ekonomikoen pareko laguntza nahikoak jasotzen ari garenaren ideia zabalduz, eta hiritarrengan anabasa sortuz. Baina ez, diru laguntza horiek gure lanari berriro ekiteko ez dira nahikoak", kritikatu dute.
Are gehiago, ostalariek ziurtatu dutenez, diru laguntzak ez zaizkie kaltetuei iritsi. Dirudienez, oraingoz "oso gutxi" dira laguntzaren bat jaso duten ostalariak, eta salatzen dute, gainera, zerga guztiak ordainduta izatera baldintzatutako laguntzak direla: "Diru-sarrerarik gabe zerga guztiak ordaintzea ezinezkoa da", azpimarratu dute.
Erantzunak
Halaber, "burokraziak" instituzioen erantzunak "behin eta berriro" atzeratzen dituela salatu du SOS Ostalaritza plataformak, administrazioek eskatutako informazio eta dokumentazio guztia daukatenean. Honetaz gain, ABLEEak osatzeko diru laguntzekin antzeko gauza gertatzen ari dela diote: "Oso eskasak dira eta oso berandu datoz, langileria bizitza prekarizatu baterantz bideratuz".
"Zertara jolasten ari dira? Urkullu jauna, ondo baino hobeto dakizu behin itota gaudenean gure lanpostu eta negozioak salbatzeko eta bizitza duin bat ahalbidetzeko berandu izango dela", ohartarazi dute. "Egoera larri honek lokal asko ixtera eramango gaitu; gainera, ostalaritzaren hornikuntza kate osoaren amiltzea ere ekarriko du: banatzaileak, komertzialak, mekanikoak, garbitegiak, elikagai dendak, eta abar luze bat; ixten duguna ez da janari eta edaritegi soil bat, baizik eta desberdinen arteko elkargunea, kulturarako eskaparatea, edota bilera puntu bat".
Azkenik, instituzioek neurriak jakinaraztean, "errespetuz tratatu eta behar besteko denboraz informatu" ditzatela eskatu dute ostalariek, negozioak behar bezala martxan jarri ahal izateko.