Hala Bedik kereila bat aurkeztu du kazetari baten lana oztopatu zuen ertzainaren aurka

Erredakzioa 2020ko aza. 23a, 12:30
Julio Sanchez abokatua (ESK) eta Jon Hidalgo Hala Bediko kazetaria, epaitegian. / ALEA

Maiatzaren 8an, ertzain batek telefonoa kendu eta 300.000 euro arteko isun batekin mehatxu egin zion Hala Bediko kazetari bati, Talkaren desalojoaren berri ematen ari zela. Hala Bedik kereila bat aurkeztu du polizia horren kontra.

Talka espazio feministaren desalojoaren testuinguruan, iragan maiatzaren 8an, ertzain batek poliziaren jarduna grabatu ezin zuela ohartarazi zion Hala Bediko kazetariari, "pertsona fisiko bat" zela argudiatuz; gainera, "Datuen Babeserako 2018ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuak" hala agintzen zuela ziurtatu zuen ertzainak.

Orduan, eztabaidan hasi ziren, eta, Hala Bedik azaldu duenez, "mehatxu artean", ertzainak telefonoa ematera derrigortu zuen Hala Bediko kidea. Horrez gain, "40.000 eta 300.000 euro bitarteko" isun bat jartzearekin mehatxatu zuen.

Astelehen honetan, Hala Bedik kereila bat aurkeztu du gertakarien ardura duen ertzainaren aurka, eta, besteak beste, kazetari bati telefonoa kentzea "gehiegikeria poliziala" dela argudiatu du: "Agentearen argudio eta mehatxuek ez zuten inolako oinarri juridikorik", azpimarratu dute Hala Bediko kideek.

Auzitegira eta sistema judizialera jotzeak "kontraesanak" sortu dizkiela onartzen badute ere, "poliziaren inpunitateari eta prentsa askatasunaren aurkako erasoei aurre egiteko beste urrats bezala" ulertzen dute aurkeztutako kereila. Horregatik, Hala Bediko kide baten "kazetari lanak oztopatu zituen ertzainaren aurkako ekintza legalak" abiatzea erabaki dute.

 

Polizia grabatzeko eskubidea

"Herritar orok, kazetaria izan edo ez, eskubidea dauka polizia grabatzeko, jardunean ari diren funtzionario publikoak baitira, eta herritarren informaziorako eskubideak bermatzen du poliziaren ekinbidea dokumentatu ahal izatea", gogorarazi dute. "Kasu isolatua izatetik urrun, Hala Bediren jardunaren eta prentsa askatasunaren aurkako eraso jarraitu bati erantzuten dio".

Informatzeko eskubidearen aurkako erasoak "onartezinak" direla uste du Hala Bedik, eta "kezkaz" bizi du prentsa askatasunaren aurka azken urteetan jasotzen ari diren erasoak. Besteak beste, Mozal Legearen aplikazioa edo berriki Frantziako Gobernuak kazetariei ezarri nahi dien poliziaren indarkeriaren berri emateko debekua ekarri dituzte gogora.

Horren aurrean, Hala Bediko asanbladak adierazi du "informatzen, poliziaren gehiegikerien irudiak zabaltzen eta eskubide urraketak salatzen" jarraituko dutela, "guztion eskubidea baita".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide