Informazio eskubidea

Hala Bediko kazetari bati telefonoa kendu zion Ertzaintzak, Talkaren desalojoan

Egun gutxitan kazetarien lana oztopatu duten polizien bigarren kasua da: ARGIAko kazetari baten lana oztopatu zuen Udaltzaingoak, eta Talkaren desalojoaren berri ematen ari zen Hala Bediko kazetari bati telefonoa kendu zion Ertzaintzak.

Pasa den ostiralean, maiatzaren 8an, Talka espazio feministaren desalojoaren berri ematen ari ziren kazetarien aurkako mehatxatuak salatu ditu Hala Bedik. Poliziaren jarduna grabatzeagatik, horietako bati telefonoa kendu zion ertzain batek, eta une hartan grabatutako bideoa plazaratu du hedabide arabarrak.

Bideoan -gaztelaniaz- entzun daitekeen bezala, polizia grabatu ezin zuela esan zion ertzainak kazetariari, "pertsona fisiko bat" zela argudiatuta, eta "Datuen Babeserako 2018ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuak" hala agintzen duela esanez; eztabaida hasi zen orduan, ertzainaren eta grabatzen ari zen kazetariaren artean.

Hala Bedik azaldu du grabatzeari uzteko agindu ziola agenteak, eta behin grabatzeari utzita, irudiak ezabatzeko exijitu ziola. Hala Bediren arabera, telefonoa kentzearekin mehatxatu zuen ertzainak orduan, bestela desobedientzia delitua egotziko eta atxilotuta eramango zutela ohartaraziz.

Azkenik, eztabaida luzatu zela eta poliziak kazetariari telefonoa kendu ziola salatu du Hala Bedik, grabatzeko Kazetarien Elkargoan izena emanda egon behar zuela argudiatuta; hedabidearen arabera, ordu erdiz eduki ostean, telefonoa itzuli egin zion, zalantzen artean.

Hala ere, ertzainak 40.000 eta 300.000 euro bitarteko isunarekin ohartarazi zuen kazetaria, irudiak "edozein modutan" erabiltzen bazituen.

"Prentsa askatasunaren aurkako erasoa"

Gertatutakoa auzitara eramango du Hala Bedik, eta une honetan salaketa aurkezteko aukerak baloratzen ari dira. Grabatzea delitua ez dela gogoraraztearekin batera, "informatzeko eskubidea urratu" egin dela publikoki salatu dute: "Prentsa askatasunaren aurkako erasoen gainetik, informatzen eta eskubide urraketen berri ematen jarraituko dugu", adierazi dute.

Ertzaintzaren operatiboan hainbat lagun identifikatu zituzten, eta bi pertsona atxilotu zituzten.

Gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu HALA BEDIk, eta asanbladan adostutako irakurketa plazaratu dute bertan.

Erlazionatuak

Gasteizko Udaltzaingoak kazetari baten lana oztopatu zuela salatu du ARGIAk

Gasteiz

Ostegun gauean, Gasteizko Udaltzaingoa Olarizun okupatutako etxebizitza batean sartu zen; bertan lanean ari zen kazetari baten lana oztopatzen saia...

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide