Informazio eskubidea

Kazetarien elkarteek Gasteizko bi kazetariren kontrako "mehatxuak" salatu dituzte

Erredakzioa 2020ko mai. 19a, 13:45
Hala Bediko kazetari bati telefonoa kendu zion Ertzaintzak Talkaren desalojoan. / HALA BEDI

Informaziorako eskubidea bermatzeko eskatu dute Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE) eta Kazetarien Euskal Elkargoak (KEE), Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Hala Bedi eta ARGIAko kazetariekin izandako jardunaren harira.

Gasteizko hainbat poliziekin lotutako azken gertakarien harira, "Konstituzioak jasotzen duen" informazio eskubidearen alde agertu dira KEE eta EKE -EAEko kazetarien bi erakunde nagusiak-, ohar bateratu baten bidez. Gainera, agintariei eskatu diete akreditazioa duten kazetarien lana "errazteko edo, hala badagokio, ez oztopatzeko"; baita alarma egoeran ere.

Azaldu dutenez, aste honetan jaso dute Hala Bedi eta ARGIAko kazetarien lana ekiditen saiatzen ziren bi polizia agenteren inguruko ikus-entzunezko materiala; izan ere, bi komunikabideek babesa eskatu diete kazetarien erakundeei.

"Kazetariek mehatxuak jaso dituzte", ziurtatu dute KEEk eta EKEk, hitzez hitz. Kazetarien bi elkarteen arabera, poliziek "neurri legalak hartzearekin eta beraien lan-tresnak bahitzearekin" mehatxatu zituzten kazetariak.

"Prentsa askatasunaren eta hedabide zein kazetarien aske informatzeko eskubidearen aurkako ekintza hauek" gogor salatu dituzte, eta gogorarazi dute "alarma egoeran ere kazetariek askatasunez egin dezaketela lana eta mugarik gabe mugitu daitezkeela, lanak horrela eskatzen badie".

Elkargoak zein Elkarteak komunikazio eskubideen aurkako "edozein ekintza" gaitzesten dutela adierazi dute, baldin eta hedabideen zein informazioen "aurretiko zentsura" egiteko helburua badute.

Halaber, erakundeei exijitu diete kazetaritzaren "funtzio publikoa" berma dezatela, "egiazko, kontrastatutako eta iturri oneko datuekin gizartea informatuta izateko".

Hala Bediko kazetari bati telefonoa kendu zion Ertzaintzak

Maiatzaren 8an, Talka espazio feministaren desalojoaren berri ematen ari ziren kazetarien aurkako mehatxatuak salatu ditu Hala Bedik. Poliziaren jarduna grabatzeagatik, horietako bati telefonoa kendu zion ertzain batek, eta une hartan grabatutako bideoa plazaratu du hedabide arabarrak.

 

ARGIAko kazetari baten lana oztopatu zuen Udaltzaingoak

Bestalde, egun batzuk lehenago, Gasteizko Udaltzaingoa Olarizun okupatutako etxebizitza batean sartu zen; bertan lanean ari zen kazetari baten lana oztopatzen saiatu zela salatu du ARGIAk, "desalojoaren lekukotasun grafikorik egon ez zedin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide