Olarizuko blokeak eraisteko lehiaketa onetsi du Urtaranen gobernuak

Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 11:14

Olarizuko hainbat etxebizitza eraisteko lanen hastapenak, urrian. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko udal gobernuak Olarizu hiribideko 14 etxebizitza bloke eraisteko kontratua lehiaketara ateratzea onetsi du. Ezinbestekoa da eraikinen barruan inor ez egotea, eta, gehienez, 14 hilabeteko epea aurreikusi du Udalak.

Astearte honetan onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak Olarizu hiribideko 14 etxebizitza bloke eraisteko kontratua lehiaketara ateratzea. Zehazki, 2/4, 6, 8, 10, 12, 14, 16, 18, 20, 22, 24, 26, 28 eta 30. atariei dagozkien blokeak eraitsiko dira, 1.328.033,73 euroko aurrekontuarekin BEZa barne—.

Lehenik eta behin, eraiste-lan horiek egiteko lizitazioa aterako du Udalak. Lan horiek gauzatzeko epeei dagokienez, berriz, "jarraitutasunez ala jarraitutasunik gabe" egiteko aukera izango du enpresa esleipendunak.

Izan ere, lanak etenik gabe egiteko aukera baldin badago, bost hilabeteko epea izango lukete; zuinketa-akta egiten denetik, eraikinak guztiz eraitsi arte. Nolanahi ere, eraispenak gauzatzeko ezinbestekoa denez eraikinen barruan inor ez egotea, gerta litekeena da lanetan etenaldiak izatea. Baldintza-agirian aurreikusten denez, hala gertatuz gero, eraiste-lanak gehienez 14 hilabeteko epean egin beharko direla.

Pasa den astelehenean, Olarizuko 35 familiak desalojoen aurkako alegazioak aurkeztu zituzten, Udalak emandako epearen barruan, eta "arazoari irtenbide kolektiboa" emateko beharra plazaratu zuten. Ikusteke dago hemendik aurrera nola bideratuko den egoera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide