Olarizu eraistearen helburua: 356 etxebizitzako hirigintza operazio bat

Erredakzioa 2020ko urriaren 29a

Astelehen honetan, Olarizuko hainbat etxebizitza eraisten hasi dira. / GASTEIZKO UDALA

Udalaren txosten baten arabera, Olarizuko etxebizitzak eraistearen helburua alokairu sozialik aurreikusten ez duten 356 etxebizitzako hirigintza operazio bat egitea da. Birgaitzea eta alokairura bideratzea eskatu du EH Bilduk.

Azken asteotan, Olarizuko etxebizitzak eraisteko prozesua bizkortu du Gasteizko Udalak, PPrekin akordio bat erdietsi ostean. Urriaren 20an, okupatutako 124 etxebizitzetako bizilagunak kanporatzeko jakinarazpenak banatzen hasi dela jakitera eman zuen.

EH Bilduk salatu duenez, Udalak bertan egin nahi duen hirigintza operazio handi batek eragin du bizkortze hori. Izan ere, udal gobernuak 21 Zabalgunean aurkeztutako txosten baten arabera, ingurune horretarako "aukera errentagarri bakarra 356 etxebizitza eraikitzea litzateke"; guztiak salmentarako, eta horietako %75 etxebizitza tasatuen erregimenean. Gaur egun, 124 etxebizitza daude Olarizu Ibilbidean.

"Gobernuak eraikitzaileen eta higiezinen enpresen negozioari atea irekitzen dion operazio urbanistiko batean murgildu nahi du, hain zuzen ere, eskaria erabat bestelakoa denean", adierazi du Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak. "Operazio honek ez dio jaramonik egiten alokairu babestuaren eskari gero eta handiagoari".

Felix Gonzalez, EH Bilduko zinegotzia. / EH BILDU GASTEIZ

 

Birgaitzea eta alokairu soziala

Azaldu dutenez, 9.000 etxebizitza eskatzaile daude dagoeneko, eta operazioak ez du Etxebizitzaren Euskal Legea errespetatzen. Izan ere, lege horren arabera, etxebizitzaren arloan erabilgarri dauden baliabideak alokairu erregimeneko etxebizitzak sustatzera bideratu behar dira, kolektibo behartsuenei bideratzeko.

Hortaz, EH Bilduren ustez, "lehenengo aukera beti izan behar da etxebizitzak birgaitzea eta alokairu sozialerako jartzea". Aukera hori ezinezkoa izan daitekeela onartu dute, baina ezezko borobila eman diote Udalaren operazioari: "Etxebizitzak eraitsi beharko balira, eraikuntza berria Gasteizen gero eta handiagoa den alokairu eskaera asetzera bideratu beharko litzateke", aldarrikatu dute, "beste interes alderdikoi eta ekonomikoen gainetik".

Eusko Jaurlaritza eta Etxebide

Bestalde, Felix Gonzalezek hirugarren bide bat mahaigaineratu du: "Udal gobernuak uste badu ez dela gai aukera horiei aurre egiteko, liberatutako lurzorua Eusko Jaurlaritzaren esku utzi beharko luke, alokairu babestu eta sozialeko etxebizitzen sustapena abiatu dezan".

Gaur egun, Etxebidek 10.000 espediente baino gehiago ditu Gasteizen, eta horietatik 9.000 etxebizitza alokairu babesturako eskaerak dira.

Okupazioa: arazoa ala ondorioa?

"Erakunde publikoek etxebizitza eskubidea babestu, bultzatu eta bermatu behar dute; hala ere, eta zoritxarrez, gaur egun berme hori errealitate izatetik urrun dago", deitoratu du zinegotziak. Era berean, okupazioaren inguruko eztabaidari buruz, "fokua arazoan jarri beharrean, ondorioetara desbideratu" nahi izatea kritikatu dute: "Biztanle gehienen benetako arazoa etxebizitza egoki eta eskuragarririk eza da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago