Olarizuko 35 familiak desalojoen aurkako alegazioak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 16:07

Olarizun okupatutako etxebizitzetako bizilagunen agerraldia udaletxean. / INOR EZ ETXERIK GABE

Aste honetan, Gasteizko Olarizu auzoan okupatutako etxebizitzetako bizilagunek 35 alegazio aurkeztu dituzte Udalak emandako epearen barruan. "Arazoari irtenbide kolektiboa" emateko beharra plazaratu dute.

Izan ere, urriaren 20an hasi zen Gasteizko Udala 124 etxebizitzak ofizioz berreskuratzeko jakinarazpenak banatzen. Modu horretan, udal jabetzako etxebizitzetan bizi diren herritarrak kanporatzeko administrazio prozesuari hasiera eman zion; etxebizitza horietako asko hainbat urtez abandonatuta izan ostean okupatu zituzten.

Udalak hamar egun balioduneko epea eman zien etxebizitza horietan bizi diren herritarrei alegazioak aurkezteko. Bederatzi egun baliodun beranduago eta adierazitako epearen barruan, azaroaren 2an, astelehen honetan, 35 auzokidek alegazioak batera erregistratu zituzten.

Auzokideak biltzen dituen Okupatu Zure Bizitza Elkarteak argi utzi du, ostegun honetan Etxebizitzaren aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenarekin batera udaletxearen aurrean egindako agerraldian: "Gure eskubideen defentsan eta etxebizitza alternatiba baten alde, kalea ez da alternatiba". Gainera, bertan bizitzen jarraitzeko asmoa adierazi diote Udalari.

"Okupatzera behartuta"

Alde batetik, azaldu dute "etxebizitza bat okupatzera behartuta" ikusi dutela euren burua, bizi duten langabezia egoeraren zein prekarietate ekonomikoaren ondorioz. "Udal administrazio publikoak ez digu inolako irtenbiderik eskaini pobrezia egoerari aterabidea emateko, nahiz eta hainbat unetan jo dugun gizarte zerbitzuetara", salatu dute, eta euren egoera "konpondu gabeko etxebizitza larrialditzat" hartzea eskatu dute, kaleratze bortitz bat egin aurretik.

Are gehiago, denbora horretan, argia eta ura moztu zaizkie, eta konfinamendu garaian ere, urik zein argirik gabe eutsi behar izan diote. Bitartean, "jazarpen psikologiko eta poliziala" ere sufritu dutela salatu dute: "Pobrea izateagatik gaizkileak edo kriminalak izango bagina bezala tratatu gaituzte. Duela astebetetik, Udaltzaingoaren patruilak etxebizitzen azpian daude, 24 orduz; gainera, bi argi sorgailu lapurtu dizkigute".

Halaber, hutsik dauden etxebizitzak hustu edo garbitu izana "presio mekanismo gisa" erabiltzea leporatu diote Udalari, "haur, gazte eta heldu nagusiei psikologikoki eraginez".

 

Irtenbide kolektiboa

Okupatu Zure Bizitza Elkarteak eta Inor Ez Etxerik Gabe Ekimena osatzen duten sindikatu eta eragileek, Olarizoko desalojoa eta "Udalaren jardun arduragabea" salatu dituzte. Prentsaurrean azaldu dutenez, "herritar gisa etxebizitza bat izateko eskubidea ez urratzeko eta arazoari irtenbide kolektiboa emateko" eskatu dute alegazioetan. 

"Alkateak egindako adierazpenetan 124 etxebizitzaren inguruan hitz egin du, baina ez du etxebizitza hauetan bizi diren bizilagunak ia aipatu ere egin, ez ditu pertsona horien beharrak eta eskubideak aintzat hartu", deitoratu dute. "Oso larritzat jotzen dugu askotan salatu dugun etxebizitzaren premiazko egoeraren aurrean, Udalak, beharrezko neurriak hartu beharrean, arazoa larriagotzeko pausoak baino ez ematea".

Politika publikoak indartzea

Azkenik, gogora ekarri dute urriaren 29an EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean egin zuten adierazpena, eta Gasteizko udal gobernuaren erabakia adierazpen horrekiko "kontraesankorra" dela kritikatu dute. Izan ere, adierazpen horren arabera, "okupazioaren aurka borrokatzeko biderik eraginkorrena etxebizitza politika publikoak indartzea da, bereziki alokairua bultzatzen dituztenak".

PP-Cs taldeak "jabetza pribatuaren defentsan" aurkeztutako ekimenari erantzuteko proposamena izan zen hura. "Zergatik egiten du EAJ eta PSEren Gasteizko gobernuak Eusko Legebiltzarrean defendatzen duenaren kontrakoa? Zergatik jarduten du PP-Cs-Vox bezala, enpresen etxebizitza politikak defendatzen?".

Hori dela eta, "behingoz etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak har ditzan" exijitu diote Gasteizko Udalari, "inor ez dadin kale gorrian bizi".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago