Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, alkateorde eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubairekin batera, Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izena eman dute aste honetan. Horrela, alkateak gauza bera egitera animatu ditu herritarrak.
"Hiria ahobiziz eta belarriprestez beteko dugu, Gasteiz euskararen hiriburu bihurtuko dugu", adierazi du Urtaranek. "Euskara ulertzeko gai diren gasteiztarrak gonbidatu nahi ditut bereiziki, haiek baitira erronka nagusia", esan du.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da 2020ko Euskaraldia, hizkuntza ohiturak astintzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin. Ariguneen kanpaina burutu eta gero, ahobizi eta belarriprest izango diren herritarren izen-ematea ireki zen irailaren 24an; epea zabalik dago azaroaren 19ra arte.
Belarriprest, ahobizi, arigune
Lehenengo edizioan bezala, bi rol nagusi izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:
- Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest; euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago, eta ez gaitasunean.
- Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean, lehen hitza beti euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da; jokaerak definitzen du rola, alegia.
Aurtengo edizioko berrikuntza nabariena ariguneak dira. Bertan, parte hartzaileek ahobizi eta belarriprest izateko aukera izango dute. Udalak 30 talde identifikatu ditu Gasteizen.