Euskaraldia 2020

Ahobizi eta belarriprest izango diren herritarren izen-ematea zabalik

Erredakzioa 2020ko ira. 24a, 13:00

2020ko Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, eta ekimenean parte hartuko duten herritarrek ahobizi edo belarriprest rola aukeratu beharko dute aldez aurretik. Izena emateko epea zabalik dago.

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan euskaraz aritzeko helburua izango du Euskaraldia egitasmoaren bigarren edizioak. Bi hilabete baino gutxiago falta da, dagoeneko Euskal Herri osoko 412 herrik eman dute izena, eta ostegun honetan ireki da norbanakoen izen-ematea.

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldian egon dira, besteak beste, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarriz, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, GEU Elkarteko Zuriñe Gil eta Zaramaga auzoko batzordeko kide Maialen Sobrino.

Ariketa egin nahi eta euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera, eta izena eman beharko dute irailaren 24tik azaroaren 19ra bitartean. Orain arte zabalik egon den ariguneen izen-ematea, berriz, irailaren 27an itxiko da.

Horrez gain, ariguneetan ariketa egitea erabaki duten herritarrek ere izena eman behartu dute, ahobizi edo belarriprest gisa arituko diren zehaztuz. Bi urrats, beraz: entitatearen izen-ematea eta baita entitateko kideena ere. Jadanik 4.300 baino gehiago dira ariguneak sortzeko izena eman duten entitateetako zentroak, eta guztira 13.000 arigunetik gora egongo direla espero da.

Internet bidez hobe

Bi aukera daude izena emateko, baina internet bidez egitea gomendatu dute antolatzaileek, "herri batzordeen kudeaketa lanak arintzeko eta osasun zein segurtasun neurriak errazago betetzeko". Izena online emateko formularioa dagoeneko martxan dago euskaraldia.eus atarian.

Hala ere, digitalki helduko ez diren herritarrengana iristeko, eskuorrien bidez izen-emate analogikoa egiteko aukera egongo da.

Izen-emate fasea

Lehenik eta behin, edizio honetan parte hartuko duten lagunek ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta zehaztu beharko dute aldez aurretik, dagokien txapa jasotzeko.

Ondoren, izena eman duten herritarrei prestakuntza eskaintzeko asmoa du Euskaraldiak. Horretarako, tailerrak, eskuorriak, bideoak eta bestelako irakurgaiak baliatuko dituzte.

Gaurtik aurrera ere, herritarren urratsak neurtzeko inkestak egingo dira, bizipenetatik abiatutako ikerketa bat gauzatzeko.

Arratsaldean, ekitaldi ofiziala

Euskaraldiko ateak parez pare irekitzeko momentua iritsi da, eta, izen-ematearen irekierarekin batera, ekitaldia egingo da ostegun honetan, 19:00etan Bergarako seminariotik.

Horrela, "elkarrekin egoteko aukerarik izango ez dugun arren, ekitaldiarekin bat egiteko aukera" eman nahi izan du Euskaraldiak. 50 minutu inguruko iraupena izango duen ekitaldian, edizio honen ezaugarri eta datu nagusiak aurkeztuko dira, eta entitateen zein herrietako batzordeen ordezkariek parte hartuko dute. Gainera, aurtengo kantua eta bideoklipa ere aurkeztuko dira bertan.

Ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera egongo da tokiko hedabide ugaritan, tartean Arabako ALEAren webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago