Astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagak iragarri duenez, proiektuaren lizitazioa "datozen hilabeteetan" onartu eta argitaratuko du Gobernu Kontseiluak.
"Epe guztiak ondo badoaz", 2021eko uda amaieran Aldaialdeko lanak hasiko lirateke. Arrizabalagak azaldu duenez, lanak hasteko funtsezko urratsa da lizitazioa argitaratzea, eta, ondoren, trenbidearen lurperatze proiektuak kaltetu ez duen lursailean eraikitzen hasiko lirateke. Hori guztia "ezustekorik gertatzen ez bada", argitu du.
Familien protestak
Egoera horrek kaltetutako ikasleen familiek, ordea, salatu dute oraindik ez dakitela noiz hasiko den behin betiko zentroa eraikitzen; izan ere, atzerapena hainbat urtez luzatu da jada, lurperatze proiektua eta beste izapide administratibo batzuk direla eta. Egoera horrek 300 familia baino gehiagori eragin die.
Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak lizitazioaren pleguak prestatzen joateko konpromisoa hartu zuen, lanak gehiago ez atzeratzeko, baina Udalak maiatzaren amaieran eman zuen lizentzia, eta azaroan oraindik ez da lizitazioa argitaratu: "Erakundeetako ordezkariei galdetzen diegun bakoitzean esaten digute: laster, gutxi falta da; baina inoiz ez dakite esaten noiz. Egunak, asteak, hilabeteak pasatzen dira, eta Aldaialde HLHIko haurrek barrakoietan eskolak jasotzen dituzten bosgarren ikasturtea da".
Urriaren 22an, bilera bat egin zuten Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Aldaialderen egoeraz hitz egiteko. Familiek informazioa eskatu zuten, baina, salatu dutenez, gaur egun inor ez da beraiekin harremanetan jarri.
Hori dela eta, "galderei erantzunik ematen ez zaienez", Aldaiaberri Guraso Elkarteak iragarri du mobilizazioak berrartuko dituela, izapideak arintzeko eta lizitazioa "atzerapen gehiagorik gabe" argitaratzeko. Asteazken honetan, azaroaren 4an, auto karabana bat egingo dute 16:15ean, Aldaialde HLHIko egungo instalazioetatik Eusko Jaurlaritzaraino.
EH Bilduren proposamena, atzera
Ikastetxe berria eraikiko den partzelak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) zor-eremu bat dauka, eta horrek proiektuaren tramitazioa oztopatu du azken urteetan, azkenean AHTa partzela horren azpitik pasako ez den arren.
EH Bilduk Aldaialde eraikitzea galarazten ari den oztopo hori gainditzeko alternatiba bat proposatu du Legebiltzarrean, ikastetxea eraiki ahal izateko eta prozesua azkartzeko: Trenbidearen Sektoreko Legea baliatzea ADIFek partzelak daukan zor-eremu ferrobiarioan eraikitzeko baimena eman dezan. Izan ere, aipatutako legeak aukera hori aurreikusten du "obrak edo instalazioak interes orokorreko zerbitzu bat emateko beharrezkoak direnean.
Baina EAJk eta PSEk atzera bota dute. "Orain arteko tramitazio amaigabeari eustea hobetsi dute", kritikatu dute subiranistek. "Sine die itxoiten jarraitzea, hori da Aldaialde ikastetxeko familiei eskaini dieten konponbidea", salatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Halaber, gogorarazi du ADIFek berak duela urtebete baino gehiago eskatu zuela proiektua, baina ez diote bidali; ez Gasteizko Udalak, ezta Jaurlaritzak ere.