Aldaialde eskolako familiek obren izapideak bizkortzeko eskatu diote lehendakariari

Erredakzioa 2020ko eka. 30a, 13:20

Igandean, Aldaiaberri Guraso Elkarteak gutun bat helarazi zion Iñigo Urkullu lehendakariari, Aldaialde eskolaren egoera gogorarazteko, erantzunak eskatzeko eta Eusko Jaurlaritzak agindutako epeak errespeta ditzan exijitzeko.

Familiak Gorka Urtaran alkatearekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu ziren Gasteizko Dato kalean, ustekabean, eta bigarrenari gutun bat eman zioten.

Idazkiaren bidez, Aldaialde HLHIren egoera azaldu zioten lehendakariari, eta eskatu zioten azaltzeko zer neurri hartuko dituen Eusko Jaurlaritzak, agindutako epeetan euren seme-alaben ikastetxea eraikitzen hasteko. Izan ere, Aldaialde 2016an sortu zen, eta, ordutik, lau ikasturte daramatzate modulu aurrefabrikatuetan, eta instalazioak ez du ebakuazio-plana betetzen. Bitartean, Zabalgana auzoan Aldaialde eskolaren eraikina egin arte itxaroten ari dira.

"Diru publikoa xahutzen ari da modulu aurrefabrikatuak alokatzeko; modulu horiek alokatzeko aurrekontuarekin zentroaren eraikuntzaren kostuaren zati handi bat bete zitekeen", kritikatu dute gutunean. "Bidegabea eta umiliagarria iruditzen zaigu Administrazio Publikoak itunpeko eskola finantzatzea obra faraonikoak egin ditzan, eta eskola publikoko familiek gure seme-alabak barrakoietan ikastera eraman behar izatea".

Hilabetetako itxaronaldia

2019ko urriaren 30ean, hainbat urtez Udaleko zinegotzi eta teknikariekin bildu eta gero, gurasoen elkartea udalbatzara joan zen. Ondoren, Gasteizko Udalak baldintzapeko lizentzia eman zuen, eta prentsa ohar baten bidez ziurtatu zuen baimen horrekin Eusko Jaurlaritzak obrak kontratatzeko prozesua has zezakeela. 8 hilabeteko epean, gutxi gorabehera, ikastetxea eraikitzen hasi behar zen, atzerapen gehiagorik gabe eta Sustapen Ministerioak informazio-azterlan berria onartu arte itxaron beharrik gabe.

Hainbat hilabetez zain egon ondoren, eta obrak kontratatzeko zein gauzatzeko lizitazioa argitaratzeko epea agortzen ari zela ikusita, izapideekin aurrera egin gabe, Aldaiaberri gurasoen elkarteko ordezkariak berriz ere bildu ziren talde politiko guztiekin eta obra egiten ari ziren erakundeetako arduradun batzuekin.

Gurasoek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Baliabideen zuzendari Polentzi Urquijok jakinarazi zien Udalak emandako obra-lizentziak ez zuela bermatzen obrak arriskurik gabe kontratatzen hastea; beraz, proiektua bi zatitan banatuko beharko litzateke: alde batetik, lurperatzeak eragindako azalera, eta, bestetik, lurperatzeak eragin gabeko azalera.

Proiektua bi zatitan gauzatu ahal izateko, Udalak lizentzia berri bat eman behar zuen, Eusko Jaurlaritzak obra kontratatzeko eta gauzatzeko lizitazioa egin zezan. Azaldu dutenez, Udalak lizentzia berriz emateko izapideak egiten zituen bitartean, Eusko Jaurlaritzak lizitazioaren pleguak prestatzeko lanak egin zitzakeen; horrela ez litzateke atzerapen gehiagorik egongo.

Aldaialdeko familiak eskolaren behin betiko eraikinaren zain. / EHIGE

 

Lizitazioa deitu gabe oraindik

Azkenik, 2020ko maiatzaren 19an, Gasteizko Udalak obra bi zatitan egiteko lizentzia eman zuen, Eusko Jaurlaritzak planteatu bezala. Lizentzia horrekin, Hezkuntza Sailak obrak kontratatzeko eta egikaritzeko lizitazioaren deialdia egin dezake, baina, gaur egun, oraindik ez da lizitazioa deitu.

Gurasoen elkartea Hezkuntza Sailarekin eta Azpiegitura eta Baliabideen zuzendariarekin harremanetan jartzen saiatu da, horren berri eman diezaieten. Hala ere, salatu dutenez, ez dute erantzunik jaso: "Urte hauetan guztietan, inoiz bete ez diren epeak agindu dituzte inplikatutako administrazioek. Orain ere ez dirudi beteko direnik ", kritikatu dute familiek lehendakariari emandako gutunean.

Osasun krisia

Familien ulertzen dute osasun krisiaren ondorioz lizitazioetarako epeak etetea, baina azpimarratu dute maiatzetik hona epe horiek berriro hasi direla, eta, beraz, orain ez dutela berriro atzeratzea ulertzen. Gainera, ohartarazi dute Aldaialdeko instalazioek, modulu aurrefabrikatuetan, osasun-agintariek ezarritako segurtasun gomendioak ezin dituztela bete.

"Barrakoiz, korridore estuz, espazio gutxirekin, patio txikiz... egindako zentro bat nola izan daiteke seguru? Egoera horri gehitu behar zaio ebakuazio plana ez dela betetzen, horrek dakartzan arriskuekin ", salatu dute.

Garraio publikoa

Gutunean azaldu dutenez, familia askok 2 kilometro baino gehiago egin behar dituzte egunero seme-alabak ikastetxearen behin-behineko instalazioetara eramateko: "Auzoan egon beharko luke". Horrez gain, eskola-garraio publikoan mugitzeko aukera ukatu zaiela salatu dute, ez delako aurreikusi Tuvisaren linea batek ere ibilbide hori estaliko duenik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago