Aldaialde ikastetxeko gurasoak suminduta daude; eta ez da gutxiagorako, oraindik ez baita aurrepausorik eman Zabalganako eskola eraikitzeko. "Edozein eskolan zaila baldin bada, gure kasuan gehiago zailtzen da", deitoratu dute, ikasturtea barrakoietan hasi ostean. Aldaiaberri Guraso Elkarteak "atsekabe eta desengainu handia" agertu du egungo Jaurlaritzarekin, euren seme-alaben ikastetxea eraikitzeko "konpromisorik ez duelako".
Gogorarazi dutenez, azken hauteskunde kanpainako ekitaldi batean Iñigo Urkullu lehendakariarengana hurbildu ziren, euren egoeraren berri eman eta erantzunak eskatzeko: "Esan genion oso oportunista iruditzen zitzaigula zentroa eraikitzearekin lotuta egon diren mugimendu guztiak hauteskundeen inguruan egin direla beti; hauteskundeak igaro ondoren, egungo Gobernuak berriz ere ahaztu egin du gure kausa", salatu dute.
Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendari Polentzi Urkijok uztailean jakinarazi zien kontrataziorako eta obra gauzatzeko espedientea Kontratazio Batzorde Orokorrak izapidetu zain zegoela, baina oraindik ez da argitaratu.
Eraikuntza-proiektua
Gurasoez gain, udal gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren "borondate politiko eza" salatu du EH Bilduk, eta eraikuntza proiektua zein eraikitzeko obrak baimentzeko eskaera "berehala eta denbora gehiago galdu gabe" entregatzeko eskatu du.
Joan den ostiralean, Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuak eta Felix Gonzalez Gasteizko EH Bilduko zinegotziak bilera bat izan zuten Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agendako Ministerioko Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiarekin. EH Bilduk ohartarazi duenez, bertan egiaztatu ahal izan zuten Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez diotela ministerioari ikastetxearen eraikuntza-proiektua helarazi.
Ikasturte hasiera barrakoietan
Ikasturte berriaren hasierarekin ere "kezkatuta" daude gurasoak. Covid-19aren ondorioz egoera berez kezkagarria bada, Aldaialdeko familiek gaineratu behar dute oraindik ez dutela ikastetxerik euren seme-alabentzat. "Noiz arte luzatuko da egoera hau? Noiz beteko du Eusko Jaurlaritzak bere hitza eta aurreikusitako epeak?", galdegin dute.
"Covid-19ari aurre egiteko neurriak ezartzea edozein ikastetxetan zaila baldin bada, Aldaialdeko instalazioetan, modulu aurrefabrikatuetan, askoz ere zailagoa da osasun agintariek ezarritako segurtasun gomendioak betetzea", ohartarazi du Guraso Elkarteak. "Ezin da seguru itzuli barrakoiz osatutako zentro batera; korridoreak estuak dira, espazioak eskasak, patioa txikia, eta abar".
"Kontraesankorra" iruditzen zaie espazio publiko guztietan edukiera murriztea, burbuila sozialak ezartzea eta 10 pertsonatik gorako taldeak ez gomendatzea, baina irailaren 7an haur guztiak ikasgeletara itzultzea "edukiera murriztu gabe, espazioak handitu gabe, plantillak handitu gabe, neurri espezifikorik gabe, eta ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza-taldeen gain kargatuz planifikatzeko eta betetzeko erantzukizuna".
Gurasoen ustez, segurtasun-protokoloak eta kontingentzia-planak egiteko ardura ez dute irakasleek izan behar. Gainera, salatu dute Aldaialderen kasuan ikuskatzaile bat ere ez dutela esleitu.
Segurtasun falta jantoki zerbitzuan
Kontuan hartu behar da ikastetxea, gaur egun, behin betiko kokalekutik bi kilometro baino gehiagora dagoela; ordutegi zatituaren ondorioz, familia askok jantoki zerbitzua erabiltzen dute. Eguerdia iristen denean eta haurrek jangela erabili behar dutenean, ikasgeletan ezarritako "burbuila-taldeak alde batera" uzten direla kritikatu dute familiek.
Azaldu dutenez, mahaikide kopuruaren araberako begiraleak kontratatu ditu Hezkuntza Sailak, eskola-orduetan ezarritako burbuila-taldeak kontuan hartu gabe. Une honetan, zentroak 17 talde egonkor ditu, baina 8 begirale baino ez ditu jantoki zerbitzua eskaintzeko.
"Begirale kopuru horrekin ezin da zerbitzua eskaini talde egonkorrak nahastu gabe; izan ere, jantokian nahasten ez badira, patioan edo siestetan nahastuko dira", uste dute gurasoek. "Positiboren bat baieztatuz gero, berrogeialdian eduki beharreko taldeen kopurua handituko luke kontaktuen azterketak, eta, agian, ikastetxea erabat ixtera iritsi beharko litzateke".
Ordutegi jarraituaren alde
Bestalde, Aldaiaberri Guraso Elkarteak ez du ulertzen zergatik Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak ez duten lanaldi jarraitua ezartzen: "Bizi dugun ezohiko egoeran, kontziliazioa gehiago zaildu da, batez ere ikastetxe askok jantoki eta zaintza zerbitzua emateko duten ezintasunagatik".
Hala ere, itxaropenari eusten diote eta baikorrak dira itzuleraren aurrean, "Aldaialdeko zuzendaritza eta pedagogia taldearengan jarritako konfiantzagatik, profesional handiak direlako, motibatuak eta inplikatuak, eta gehiegizko ahalegina egiten ari direlako ikasgeletara ahalik eta baldintza onenetan itzultzeko".