Irailaren 19ko giza katea Iruña-Veleiako grafitoak hartzen dituen Bibat Museotik abiatu zen, eta Eusko Legebiltzarra inguratu ondoren, Andre Maria Zuriaren plazan amaitu zen. Bertan, bi hilabete gose greban bete dituen Joxemari Lejardi Gabixolak eta Nikolas Xamardok hartu zuten hitza.
Bere hitzartzean, Gabixolak pasarte bat gogora ekarri zuen: "Henrike Knörr hiltzorian zegoela, Juan Santos Yanguas eta Joaquin Gorrotxategi behin baino gehiagotan joan zitzaizkiola, iritziz alda zezan presionatzeko eta faltsukeriaren alde lerratzeko, baina ez zuela amorerik eman. Eta zergatik egin zuten hori, grafitoak oso-oso garrantzitsuak direlako agian?".
Bestalde, Xamardok hiru hitzetan laburtu zuen Iruña-Veleia auzia: "Elkartasuna, justizia eta egia. Elkartasuna, borrokatzeko prest dagoen jendeari laguntza eman behar zaiolako; justizia, gai honetan orain arte bidegabekeria besterik ikusi ez dugulako; eta egia, euskaldunok gai honetan egia ezagutzeko eskubidea dugulako".
Azkenik, giza katearen ostean, Jauregi Gartxoten musika emanaldia egon zen Goiuri Jauregian.
Jose Angel Cuerdaren atxikimendua
Iruña-Veleiako Gose Greba Taldeak azaldu duenez, giza katera etortzerik izan ez zuten hainbat pertsonak euren elkartasuna bidali zuten; besteak beste, auzia "bide zientifikotik" argitzeko manifestuaren sinatzaile Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak.
Gabixolaren osasun egoera
Gose Greba taldeko kideek adierazi dute "gero eta kezka gehiago" dagoela Gabixolaren osasun egoeragatik, bi hilabeteko langa pasatu duelako gose greban. "Gero eta ahulago dago, eta zientziaren alde bukaera arte egiteko asmoa dauka. Bere osasuna okerrera doa eta bere gorputzerako kalte konponezinak jasateko fasean sartu da dagoeneko", ohartarazi dute.