Iruña-Veleia auzia argitzearen aldeko gose greba mugagabea hasi dute

Erredakzioa 2020ko uzt. 23a, 20:02
Ostegun honetako eguerdian abiatu dute gose greba. / @irunaveleia.gosegreba

Gose greba mugagabeari ekin diote Iruña-Veleia auzia argitzearen aldeko hainbat ekintzailek. Eliseo Gil eta Idoia Filloy Lurmen enpresako arduradunek, ordea, ez dute grebarekin bat egin eta "erabat desegokitzat" jo dute egitasmoa.

Ostegun honetan, uztailaren 23an, eguerdiko hamabietan, Aiztogile kaleko 73. zenbakian egindako agerraldi baten ostean, Iruña-Veleia auzia argitzearen aldeko gose greba mugagabea hasi da. Bete-betean edo txandaka, bost lagun egongo dira gose greban. Bibat Museotik 100 metrora hasi dute greba, ekintzaileen hitzetan "ostrakak bahituta dauden lekutik oso hurbil".

Eragile zein norbanako ezagun batzuk egon dira grebalariei babesa adierazteko: besteak beste, Jose Antonio Villar Ez dok hamairuko sortzaileetako bat, Pako Aristi idazlea, Nekane Jurado ekonomilaria, Arkaitz Estiballes bertsolaria, Josu Naberan idazlea, Guillermo Perea ekintzaile arabar historikoa, edota Antton Erkizia.

Grebalariek azaldu dutenez, beste eragile batzuek ere atxikimendua adierazi diote egitasmoari, nahiz eta bertan ez egon: adibidez, Andoni Egaña, Jon Maia, Onintza Enbeita, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre edota Jose Angel Uberuaga (UBE) aipatu dituzte. Horrekin batera, gogorarazi dute 150 pertsona baino gehiagok Iruña-Veleia argitzeko manifestua izenpetu zutela bere garaian.

Gose grebaren xedea argi utzi dute: Eusko Legebiltzar berriari Iruña-Veleia auzia "bide zientifikotik" bideratzeko eskatzea, "datazioen eta kata kontrolatuen bidez". Horrez gain, grafitoak babesteko eta ez suntsitzeko eskatu diote azken hauteskundeetatik aterako den legebiltzarrari: "Euskaraz ezagutzen diren idazkirik zaharrenak, harrigarrienak eta ederrenak izan daitezkeenak zientzia duinaren bidera itzultzea merezi dute", adierazi dute.

Grebalariak bide zientifikoaren alde

Iruña-Veleia auziaren epaia ezagutu genuenetik hilabete eta erdi igaro den honetan, epaiketa "eskandaluzkoa" izan dela adierazi dute agerraldian: "Benetakotasunaren aldeko bide guztiei ateak itxi zaizkielako eta grafitoak faltsuak direla esateko erabili duten Espainiako Kultura Ondarearen Institutuaren (IPCE) analitikak inolako berme zientifikorik ez duelako".

Grebalarien arabera, analitika hori egin duen "laborategia ez da inpartziala izan, euskalduntze berantiarra bultzatzen duen erakundearen adar bat delako". Gainera, teknikariak grafitoen dataziorik egin ez duela eta arlo horretan "inolako eskarmenturik" ez duela salatu dute: "Erabili duen metodoa ez du inork erabili munduan orain arte, beraz ez da fidagarria eta ez dago zientifikoki kontrastatuta", ekintzaileen hitzetan.

Egitasmoaren aurkezpenean kritikatu dutenez, "grafitoak faltsuak ez zirela zioen Antelo txostena ez dute epaiketan aztertu, horren egilea ez zen epaiketara joan eta epaileak ez du kontuan hartu". Gainera, grafitoak egiazkoak izan daitezkeela dioten 20 txosten-irizpen baino gehiago daudela azpimarratu dute.

Horrez gain, epaileak "egiaren aldeko" testigantzak kontuan hartu ez dituela salatu dute; besteak beste, Museoko langileenak.

Idoia Filloy eta Eliseo Gil Lurmeneko arduradunak 2015eko agerraldi batean.

 

Lurmen gose grebaren kontra

Lurmeneko arduradun eta epaiketako zigortu nagusi Eliseo Gilek ez du gose grebarekin bat egin, ezta Idoia Filloyk ere. Gose grebaren bezperan plazaratutako prentsa ohar labur batean, biek ukatu dute ekimenarekiko inolako harremanik: "Erabat arbuiatzen dugu eta erabat desegokitzat jotzen dugu".

Nahiz eta ekimena bera ez babestu, grebaren aldarrikapenekin bat egin dute Gilek eta Filloyk: "Gure ustez, arazo hori metodo zientifikoen bidez bakarrik ebatzi beharko litzateke", adierazi dute asteazkenean zabaldutako oharrean. Hala ere, hainbat argudio eman dituzte grebarekin bat ez egiteko: "Ez du justifikatzen, inola ere, inork bere osasuna eta bizitza arriskuan jartzea horregatik".

Azkenik, Lurmeneko arduradunek gogorarazi dute grafitoen auzia oraindik auzibidean dagoela, Probintzia Auzitegian errekurtsoa ebazteko zain. Gil eta Filloyren aburuz, gose greba hori "nahi gabeko esku-sartze gisa" interpreta liteke, eta, horregatik ere erabaki dute uko egitea.

Joan den uztailaren 12an, Iruña-Veleia Argitu plataformako kide diren SOS-Iruña-Veleia eta Martin Ttipia elkarteak ere gose greba deialditik aldendu ziren.

Eliseo Gilen "gizatasun maila handia"

Sortutako nahasmen publikotik harago, gose greba hasi duten ekintzaileek "Eliseoren gizatasun maila handia" azpimarratu dute, Iruña-Veleia auziko zigortu nagusiak ekimenarekin bat ez egin arren.

"Faltsugile bat izan balitz ez gintuen atzera bota nahi izango. Ez du nahi inor bere alde jartzeagatik txarto pasatzea eta eskertzen diogu". Hala ere, azaldu dute greba ez dela bakarrik Eliseogatik, baizik eta "euskaragatik eta ondareagatik ere" egin dutela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide