Iruña-Veleia: Gabixolak bi hilabete eman ditu "zientziaren aldeko" gose greban

Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 19:30
Iruña-Veleiako Gose Greba Taldeak deitutako giza katearen amaiera. / @GoseGreba

Joxemari Lejardi Gabixolak bi hilabete daramatza gose greban, Iruña-Veleia auzia "bide zientifikotik" bideratzea eskatzeko. Pasa den larunbatean, giza kate bat egin zen Gasteizen, Bibat Museotik Eusko Legebiltzarreraino.

Irailaren 19ko giza katea Iruña-Veleiako grafitoak hartzen dituen Bibat Museotik abiatu zen, eta Eusko Legebiltzarra inguratu ondoren, Andre Maria Zuriaren plazan amaitu zen. Bertan, bi hilabete gose greban bete dituen Joxemari Lejardi Gabixolak eta Nikolas Xamardok hartu zuten hitza.

Bere hitzartzean, Gabixolak pasarte bat gogora ekarri zuen: "Henrike Knörr hiltzorian zegoela, Juan Santos Yanguas eta Joaquin Gorrotxategi behin baino gehiagotan joan zitzaizkiola, iritziz alda zezan presionatzeko eta faltsukeriaren alde lerratzeko, baina ez zuela amorerik eman. Eta zergatik egin zuten hori, grafitoak oso-oso garrantzitsuak direlako agian?".

Bestalde, Xamardok hiru hitzetan laburtu zuen Iruña-Veleia auzia: "Elkartasuna, justizia eta egia. Elkartasuna, borrokatzeko prest dagoen jendeari laguntza eman behar zaiolako; justizia, gai honetan orain arte bidegabekeria besterik ikusi ez dugulako; eta egia, euskaldunok gai honetan egia ezagutzeko eskubidea dugulako".

Azkenik, giza katearen ostean, Jauregi Gartxoten musika emanaldia egon zen Goiuri Jauregian.

Jose Angel Cuerdaren atxikimendua

Iruña-Veleiako Gose Greba Taldeak azaldu duenez, giza katera etortzerik izan ez zuten hainbat pertsonak euren elkartasuna bidali zuten; besteak beste, auzia "bide zientifikotik" argitzeko manifestuaren sinatzaile Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak.

Gabixolaren osasun egoera

Gose Greba taldeko kideek adierazi dute "gero eta kezka gehiago" dagoela Gabixolaren osasun egoeragatik, bi hilabeteko langa pasatu duelako gose greban. "Gero eta ahulago dago, eta zientziaren alde bukaera arte egiteko asmoa dauka. Bere osasuna okerrera doa eta bere gorputzerako kalte konponezinak jasateko fasean sartu da dagoeneko", ohartarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide