Gasteizko Artium Museoko jendaurreko laguntzaileen zerbitzuko langileek hirugarren greba eguna egin dutenean, prentsaurrekoa eskaini dute gatazkaren berri emateko.
Jakinarazi dute zerbitzuaren lizitazio berriaren lehiaketa hutsik geratu dela, eta horren irakurketa "argia" egin dute langileek: "Enpresek ezin zuten zerbitzua baldintza ekonomiko horietan euren gain hartu", adierazi dute.
Azaldu dute atzo, osteguna, Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valekin batu zirela eta baldintza-agiria berriz idazteko konpromisoa hartu zuela. Hiru akordio lortu zituzten: batetik, lehiaketa hutsik geratu dela eta, beraz, zerbitzua uztailean argitaratutako pleguetan jasotako baldintzetan ez dela esleituko baieztatzea; bigarrenik, aurrekoak ordezkatuko dituzten agiri berriak egitea; eta hirugarrenik, langileen ordezkariekin parte hartzeko bideak eta akordioak irekitzea, plegu berriek bere aldarrikapenak jaso ditzaten. "Gure helburua pleguen baldintzen okertzea ekiditea zen", aipatu dute.
Helburua lortuta
Testuinguru honetan, "helburua lortu" dutela eta hilaren 15etik egitekoa zen greba mugagabea bertan behera uzteko baldintzak betetzen direla iragarri dute. Dena dela, ohartarazi dute "borroka" ez dutela amaitutzat ematen plegu berriak egiteko prozesua amaitu arte eta zerbitzua aldarrikatutako bermeekin lizitatu arte, plantilla osoaren lanpostuak eta baldintzak betetzeko.
Hori izan da langileen %80-k grebaren hirugarren egunean parte hartzea erabaki izanaren arrazoia: hain justu ere, "zerbitzuaren kalitatea erakundearen publikoei eta zerbitzuaren ardura izan dezaketen enpresei gogoraztea".