Artiumeko langileek greba ziklo bat abiatuko dute murrizketak gelditu ezean

Erredakzioa 2020ko abu. 26a, 16:33
Artiumeko langileek elkarretaratze bat egin dute asteazken honetan. / ELA SINDIKATUA

Negoziazioak "bide onetik" ez badoaz, irailaren 4an, 9an eta 11n lanuzteak egingo dituzte, eta 15etik aurrera greba mugagabea. Bere aldetik, Artium Museoak gatazka "lehenbailehen" konpontzeko nahia adierazi du.

ELA sindikatuak deituta eta CNT sindikatuaren babesarekin, Gasteizko Artium Museoko publikoaren arretarako laguntzaileen zerbitzuko langileek elkarretaratze berri bat egin dute asteazken honetan museoaren aurrean.

Langileek mobilizatzeari ekin zioten uztailean, Artium Fundazioaren Batzorde Betearazleak uztailaren 15ean onartutako zerbitzuaren lizitazio berrian aurrekontua %20 murriztu dela salatuz; aurreko lizitazioa 2018an egin zen. Mobilizazioez gain, egungo enpresa esleipendunarekin eta Aldundiarekin harremanak orduan hasi zirela azaldu du ELAk, "lanpostuak eta lan-baldintzak babesteko eta kalitatezko zerbitzua defendatzeko".

Abuztuan zehar, erabiltzaileen artean gatazka gizarteratzen jarraitu dute, asteazken honetan mobilizazioei berrekin aurretik. Hurrengo urratsen berri eman du ELA sindikatuak: irailaren 4rako, 9rako eta 11rako lanuzteak deitu dituzte, eta irailaren 15etik aurrera greba mugagabea hasiko da, negoziazioak "bide onetik" ez badoaz.

Iragarritako murrizketak ez aplikatzea eta lanpostu guztiak mantentzea exijitu du sindikatuak. Horrez gain, "zerbitzuaren kalitatea bermatuko duten agiri berriak berregin daitezen" eskatu du ere.

Artium Museoa, konponbidearen alde

Zuzendaritzak, ordea, murrizketak eta kaleratzeak egon direnik ukatu egin du hasieratik. Asteazken honetan, sindikatuek iragarritako greba zikloaren berri izan ostean, Artium Museoak ohar bat plazaratu du publikoaren arretarako laguntzaileen azpikontratatutako zerbitzuko "langile batzuek planteatutako gatazkaren" harira.

Oharrean, "alde guztien jarrerekiko erabateko errespetutik, gatazka hau lehenbailehen konpontzeko nahia" adierazi du Artium Museoak: "Ez baita batere egoera egokia, ez aldeentzat, ez erabiltzaileentzat, ezta ekoizpen artistiko eta kulturalaren sektorearentzat ere".

Besteak beste, Artium Fundazioaren Batzorde Betearazleak onartutako baldintzen agiriak Arabako Hezkuntza-aisialdiko eta Animazio Soziokulturaleko Sektorearen hitzarmen kolektiboaren "puntu guztiak" barne hartzen dituela azpimarratu du Museoko zuzendaritzak, eta, azaldu du agiriak aukera ematen duela publikoari arreta emateko zerbitzua ematen duten langile mugagabe finko guztiak subrogatzeko, "gaur egungo lanaldien portzentaje berekin".

Horrekin batera, Museoak dio lanbide-kategoriak sektorearen Arabako hitzarmenean ezarritako berberak direla: "Ez da inongo kategoriarik ezabatu". Hala ere, "museoaren eta haren erabiltzaileen premiei hobeto erantzuteko" asmoarekin, lehiaketak antolaketa-aldaketak planteatzen ditu,  "egin beharreko moldaketak egiteko". Zuzendaritzak azaldu duenez, lehentasuna emango zaie erakusketa-aretoetako publikoaren arretari eta segurtasunari.

Gainera, Artiumek ziurtatu duenez, agiriak aintzat hartzen du hasieran aurreikusitako orduen bolumena handitzeko aukera, aurrekontu erabilgarriaren eta, horrekin batera, erakundean garatuko diren ekitaldien eta erakusketen arabera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide