Artium Museoak ukatu egin du langileen kaleratzeak eta lan murrizketak egiten ari denik. Arreta zerbitzuko langileen salaketaren aurrean, zuzendaritzak oharra kaleratu du. Horretan zehaztu du museoko jendearen arretarako laguntzaile-zerbitzua esleitzeko lehiaketa onartu duela Artium Fundazioaren Batzorde Betearazleak, eta "nahitaez egin beharra dagoela" hori, "ezinezkoa baita gaur egun indarrean dagoena luzatzea".
Lehiaketa berriak "antolaketa-aldaketa batzuk" dakartzala onartu du Artium-ek "museoaren premietara hobeto egokitzeko", baina nabarmendu du erakusketa-aretoetako jendearen arretak izango duela lehentasuna. "Ez dira funtzio gehiago esleituko, bestelako funtzioak baizik, kasu batzuetan". Halaber, aldaketa horiek enpleguan eta lan-baldintzetan ez dutela eraginik izango ziurtatu du Arabako museoak, "lan-hitzarmenak bermatuta baitaude".
Ildo horretatik, Artiumeko zuzendaritzak adierazi du egindako lehiaketa-deialdi guztietan kontuan hartu duela Arabako Aisia Hezitzailearen eta Animazio Soziokulturalaren sektorearen lan-hitzarmen kolektiboa. "Lan-kategoriak Arabako sektorearen hitzarmenak ezartzen dituen berberak dira"; eta lehiaketa berriak "aipatutako hitzarmena errespetatzen du bere puntu guztietan".
Bilerak langileekin
Artium museoak gaineratu duenez, hasieratik prest agertu da zuzendaritza arreta zerbitzuko langileekin hitz egiteko. "Baldintzen agiria argitaratu zen egun berean, museoak gaur egungo enpresa esleipendunaren bitartez jakinarazi zuen prest zegoela jendearen arretarako zerbitzuko langileen ordezkari sindikalekin bilera egiteko, baldintzei buruz zalantzarik izan edo argibiderik behar izanez gero azalpenak emateko".
Bilera bakarra egin dute ordutik, uztailaren 24an, langileen ordezkari sindikalaren eskariz. "Uztailaren 22an, asteazkenean, eskaria jaso eta 48 ordura, museoan elkartu ziren eskaria egin zuen ordezkari sindikala eta azpikontratatutako enpresako langileen ordezkaria eta Museoaren zuzendaria eta Jendearen Arretako arduraduna. Bilera hartan, lehiaketa berriaren baldintzei buruz eskatutako informazioa eman zitzaien, eta sindikatuak egindako galderei erantzun zitzaien".