Arabarron memoria

Felipe Gonzalezek Martxoaren 3ko biktimei 1976an: "PSOE zuen esanetara dago"

Erredakzioa 2020ko ira. 4a, 17:00
Gonzalez Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko ituna sinatzen (1985). / WIKIMEDIA

Felipe Gonzalezek 1976an Pedro M. Martinez de Ocioren senideei idatzitako babes-gutun bat plazaratu du Martxoak 3 Elkarteak. Aste honetan, ordea, Espainiako hiru presidente ohirekin batera beste gutun bat sinatu du Gonzalezek, Martin Villaren alde.

Aste honetan, Servini epailearen aurrean deklaratu du Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistak, Argentinako kereilaren barruan gizateriaren aurkako krimenengatik; besteak beste, 1976ko Martxoaren 3ko sarraskiaren ardura leporatzen zaio.

Egun batzuk lehenago jakin zen Gonzalez, Aznar, Zapatero eta Rajoy Espainiako presidente ohiek bere aldeko gutunak idatzi dizkiotela Servini epaileari, beste agintari eta sindikalista ohirekin batera.

Baina Felipe Gonzalezek beste gutun bat idatzi zuen 1976ko martxoaren 31n, Martxoaren 3an poliziak hildako Pedro Maria Martinez de Ocioren senideek plazaratu dutenez; dokumentua Martxoak 3 Elkarteak argitaratu du sare sozialen bitartez.

Gutun horretan, Gonzalezek Martinez de Ocioren familiaren "esanetara" jartzen zuen PSOE alderdia, "edozein laguntza mota jasotzeko".

Lagun maiteok:

Espainiako Langile Alderdi Sozialistaren izenean, gure doluminak adierazi nahi dizkizuegu Gasteizko azken gertaeretan jasan duzuen galera tristeagatik.

Adierazi nahi dizuegu PSOE zuen esanetara dagoela une zail hauetan behar duzuen edozein laguntza jasotzeko. Ez izan zalantzarik gugana jotzeko.

Adeitasunez, Felipe Gonzalez.

Dokumentuak zabalpen handia lortu du sare sozialetan, eta Martxoak 3 Elkarteak gerora Espainiako presidente (1982–1996) izango zenaren jarrera gogor salatu du: "44 urte geroago, zigorgabetasuna iraunarazi eta Martin Villa defendatu besterik ez dute egin".

Felipe Gonzalezek Mtz. de Ocioren senideei zuzendutako gutuna. / MARTXOAK 3 ELKARTEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide