Justiziaren aurrean eseri da Martin Villa

Erredakzioa 2020ko ira. 3a, 19:47
Eguerdian, Iruñeko epaitegien aurrean egindako kontzentrazioa. @Ahotsainfo

Maria Servini epailearen aurrean bere errugabetasuna defendatu du ministro ohi frankistak. Hamar eguneko epea du Servinik auzipetu ala haren aurkako prozesua itxi erabakitzeko.

Gasteizko 1976ko sarraskiagatik, 1978ko Sanferminetako gertakariengatik eta Espainiako indar armatuek 1976 eta 1977 urteen artean eragindako beste sei hildakoengatik gizahilketa delitua leporatzen dio Argentinako Justiziak Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistari, gizateriaren aurkako krimenaren delitu orokorraren barruan. Arratsaldean, Madrilgo (Espainia) Argentinako kontsulatuan deklaratu du Martin Villak, telematikoki, Maria Servini epaile argentinarraren aurrean. Kalean, ehunka lagun bildu dira itaunketa iraun duen bitartean.

Hainbat medioek aipatu dituzten iturri juridikoen arabera, Martin Villak bere errugabetasuna defendatu du gertaera horietan, eta trantsizioaren papera goraipatu du, "frankismoaren amaieraren eta demokraziaren arteko zubia" bezala. Abuztuaren 25ean, epaileari bidalitako gutun batean, Martin Villak ukatu egin zuen trantsizioan "genozidiorik" egon zenik. Hortaz, gaur berretsi du trantsizioa "etapa onenetako bat" izan dela, eta "ezinezkoa" izan dela genozidioa egotea.

Martin Villaren deklarazioa aztertu eta gero, Servini epaileak hiru aukera ditu. Eduardo Fachal frankismoko biktimen abokatuak azaldu duenez, auzia artxibatu dezake. "Orduan guk errekurrituko genuke; prozesu judizial honetan amaieraraino joango gara", esan du Fachalek. Bigarren aukera da auzipetzeko froga nahikorik ez duela ebaztea. "Martin Villak inputatuta jarraituko du, eta froga gehiago aurkeztu beharko genituzke". Azkenik, Martin Villa auzipetzea erabaki dezake epaile argentinarrak. 

Deklarazioaren ostean, hamar eguneko epea du Maria Servini epaileak erabaki bat hartzeko, baina epeak luza daitezke.

Goizean, Madrilen, Ceaqua Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinakundeeko kideek agerraldia egin dute, itaunketaren harira. Nabarmendu dute deklarazioa hartzearekin Argentinak lehen urratsa egin duela "diktadura frankistan egindako krimenen aurkako zigorgabetasunari amaiera emateko". Argentinako Kereila hasi eta 10 urtera, Servini de Cubria epaileak ministro ohi frankistaren deklarazioa hartu duela azpimarratu dute, "erresistentzia eta oztopoak gaindituz"; eta salatu dute denbora luze horretan Espainiako Estatuak "prozesu judiziala oztopatzen" egin duen lana.

Gaineratu dute Argentinako Kereila frankismoaren krimenen "inpunitatearen" kontrako tresnarik "eraginkorrena" dela.

Horrez gain, Espainiako lau presidente ohiek —Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoyk— Martin Villari babesa eman izana salatu dute, baita Josep Borrell Europako diplomaziaren buruak gutun bat bidali izana ere. Jarrera "lotsagabea" eta "onartezina" dela azpimarratu dute Ceaquako kideek. "Botere judizialaren independentziarekiko errespetua urratu dute, Servini epailearen jokabidean presioa egiten saiatuz".

Hala ere, Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kideak Madrilen egindako agerraldian adierazi du Espainiako presidente ohien jarrerak ez duela "harritu", azken urte luze hauetan gobernu desberdinetan egon diren agintariek auzia "trabatzen saiatu direlako".

Kontzentrazio jendetsua Iruñean

Aldi berean, Euskal Herrian, Iruñeko Justizia Jauregiaren parean egin dute protesta eguerdian, frankismoa epaitua izan dadin eskatzeko. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak egin du deialdia elkarretaratzeko, eta protestarekin bat egin dute beste zenbait eragilek: besteak beste, Martxoak 3 elkarteak, Joseba Barandiaranen familiakoek, Goldatu elkarteak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Egiari Zor Fundazioak, Amapola del Camino-k eta Mirandako Elkarte Errepublikanoak parte hartu dute.

Bertaratutakoek babesa adierazi diote Servini epaileak bultzaturiko kereilari, eta argitu dute hain justu hori bera dela frankismoaren krimenengatik irekitako akzio penal bakarra. Iruñean bildu direnen esanetan, kereilak agerian uzten ditu erregimen frankistan giza eskubideen kontrako "bortxatze masibo eta sistematikoetakoak". Espero dute hori bide izatea "Rodolfo Martin Villa epaitua eta kondenatua izateko ateak zabaltzeko".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide