Murrizketak salatu dituzte Artiumeko arreta eta zaintza zerbitzuko langileek

Erredakzioa 2020ko uzt. 27a, 16:34

Mobilizazioak iragarri dituzte langileek. / Alea

Besteak beste, liburutegi sarrerako langilearen lanpostua desagertuko dela ohartarazi dute.

Azken bi urteetan egoerak "okerrera" egin duela salatu dute Artium zentro-museoko arreta eta zaintza zerbitzuko langileek. "Urteak dira langile murrizketak jasaten ari garela. Gero eta lan gehiago egin behar da. Duela bi urtetik hona, egoera are larriagoa da", idatzi dute sare sozialetan laguntza eske egindako salaketan. Gainera, zerbitzu hori esleitzeko baldintza-agiri berrian, liburutegi sarrerako langilearen lanpostua desagertu dela ohartarazi dute.

Azken hilabeteetan, museoko opari-denda, kontsigna eta bisitarientzako sarbide-kontrola desagertzen joan direla jakinarazi dute, eta murrizketa guzti hauek, besteak beste, artelanen segurtasun neurriak kaltetu eta bisitarien erosotasunean ere eragina izan duela azpimarratu dute. "Museoan bertan gordetzen diren artelanak arabar guztion ondare artistikoak direla azpimarratzea gustatuko litzaidake, eta murrizketa hauekin museoko langileok zailago daukagu ondare horren segurtasuna bermatzea", salatu du @Informatzaile ezizenez Twitterren salaketa egin duen langileak.

Zaindegia ixtean, armairuak ipini zituzten bisitariek bertan museoak "arriskutsuak" kontsideratzen dituen objektuak uzteko: "Armairuak betetzen direnean, bisitariei museoak artelanentzat arriskutsuak kontsiderazen dituen objektuekin (motxilak eta poltsak) pasatzen utzi behar diegu. Euritakoak izan ezik". Koronabirusa dela eta, armairuak itxi dituzte, eta, beraz, bisitari guztiak objektu "arriskutsuekin" sar daitezkeela salatu du langileak. "Eta euritakoa badaramazu zaintza gabeko paperontzi bat jarri digute bertan uzteko. Euritakoa lapurtzen badizute zure arazoa izango da".

Bestalde, bisitarien sarrera kontrola kendu dutela gogoratu dute, eta museora sarrera atera gabe sar daitekeela edonor, "nahiz eta sarrerak ateratzeko lehiatila bat egon".

Inoizko aurrekontu handiena

Egoera "oso larria" dela nabarmendu dute, eta, murrizketak murrizketa, Artiumeko zuzendari berriak 2020. urtean 72.784,60 euroko soldata kobratzen ari dela gogoratu; "bitartean, museoko bisitarien arreta zerbitzuko langileontzat murrizketa ikaragarriak prestatzen ari dira". Hain zuzen ere, Artiumen aurrekontua inoizko handiena denean egin dute salaketa langileek; Jaurlaritzak ekarpena nabarmen igo du aurten, iaz baino % 68 gehiago, 1,3 milioi, eta beste diru-sarrera batzuk kontuan hartuta, zentro-museoaren aurrekontua milioi erdi euro handitu da –3,9 milioi euro jaso zituen iaz, 4,4 milioi ikasturte honetan–.

Egoeraren berri eman eta salaketa kalera eramateko, hurrengo asteetan mobilizazioak izango direla iragarri dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago