Osasun krisiaren eraginez ohiturak alde batera utzi eta etxezulotik ospatu beharko dituzte gasteiztarrek Andre Maria Zuriaren jaiak. Baina, ospakizun hutsetik harago, jaiek urteroko jardunari sustengua ere eskaintzen diote zenbait eragileren kasuan, eta horietako bat da GEU Gasteiz Euskalduna elkartea. Azaitz Unanue (Gasteiz, 1978) GEU elkartearen kudeatzaileak argi utzi du gauzak beste modu batean egitera behartuta izan direla urte osoan zehar eta Aihotz plazako txosnak eskaintzen duen diru-iturria agortuta ikusteak egoerari buelta emateko beste aukera berri batzuk bilatu beharrean jarri dituela elkarteko kideak. Besteak beste, herritarren artean diru bilketa ere abiarazi dute, urtean zehar egiten diren ekintzak bermatzeko asmoz.
Abuztu hasiera da eta, prestaketa lanak beharko luketen tokian, GEUren txosnaren arrastorik ez. Zer datorkizu burura egoera honetan?
Horrela ikusita lasaitasuna. Aurreko urteetan izerdi-patsetan egongo ginateke, kaxak gora, kaxak behera... "gogoratzen duzue iaz nola zegoen jarrita barra... badituzu iazko argazkiak... ez ditut aurkitzen..." urteroko kontu berbera. Dena prest izaten saiatzen zaren arren, azken ordura arte izaten da zer egin.
Halere, kolpe gogorra izan behar du GEU Elkartearentzat txosna bertan behera uzteak.
Jakina. Azkenean honek suposatzen duena da GEU elkarteak duen finantziazio biderik nagusienetako bat ere galtzea, jaietan euskarak duen presentzia galtzeaz gain. Diru-iturri horrek ematen dio elkarteari askatasuna estrategia propioa garatzeko, garrantzitsuak diren proiektuetan inbertsioa egiteko edo kanpotik laguntzarik jasotzen ez duten proiektu horien aldeko apustua egiteko. Horrek sekulako garrantzia dauka, eta horrelakorik ez izateak eragin handia dauka elkartearen egunerokoan. Kontuan izan gaur gaurkoz gure jardunaldien heren bat aldi baterako enplegu-erregulazioko egoeran dagoela...
Eta egoerari aurre egiteko herritarren laguntza kanpaina abiarazi duzue. Erantzun ona izan al du orain arte?
"Garrantzitsua da jendea atzetik duzula ikustea, erantzuten duela eta GEUren lana finantzatzeko edo babesteko beharra ikusten duela jakitea."
Oso pozik gaude erantzunarekin. Neurri batean gure inguruan dugunaren isla da. Bazkide asko aritzen da txosnan; bai muntatzen, bai txosna honek dituen 200 txanda horiek betetzen ere. Normalean 160 pertsona inguru egoten dira urtero lanean, eta orain laguntza fisiko hori diru-ekarpen moduan ere nabaritu dugu. Pozik gaude ezarritako minimoa espero genuena baino lehenago lortu baitugu, eta horrek sekulako lasaitasuna ematen du. Finantziazio txiki bat izango da, ez duelako zerikusirik txosnak ematen digunarekin, baina garrantzitsua da jendea atzetik duzula ikustea, erantzuten duela eta GEUren lana finantzatzeko edo babesteko beharra ikusten duela jakitea... eta erantzuna berehalakoa izan dela. Gainera garaiak ez dira onenak, batzuk oporretan dabiltzalako eta beste askok ere ez dutelako etxean egoera ekonomiko erraza bizi; horregatik izugarri eskertzen dugu jendeak egin digun ekarpena.
Txosnari buruz ari gara, baina GEU Elkarteak azken urteetan bere jarduera eremu askotara zabaldu du, eta ekintza horietariko asko ere bertan behera utzi behar izan dituzue. Nola bizi izan dituzue azken hilabeteak?
Esperientzia gazi-gozoa izan da. Pandemia egoerak moralean du eragina, lantaldean zein herritarrengan, baina jendearen erantzuna ikusteko aukera ere ematen dizu. Analisi bat egina geneukan eremu digitalerako pausuak ematea garrantzitsua zela zehaztuz, eta modu batean urteko helburutzat genuen hori, halabeharrez otsailean martxan jarri behar izan genuen. Kontuan eduki behar da GEU elkarteak egiten dituen ekintza ia-ia guztiak jendearekin kontaktuan egiten dituela, presentzialak direla: emanaldiak, tailerrak, bisita gidatuak... euskara hizkuntza bat den heinean harremantzeko tresna da, eta horretan oinarritzen dugu gure lana. Orduan, hori modu digitalera eramateko ahalegina egin dugu, eta egia esan espero baino erantzun hobea izan dugu, oso pozik gaude horrekin.
Udazkenean ekingo zaio kudeatzen dituzuen egitasmoen artean jendetsuenetarikoa den Mintzalagun proiektuari, adibidez. Nola aurreikusten duzue kurtsoa?
Moldatu egin behar izan gara. Mintzalagunean 60 talde inguru ditugu, eta hasieran online parte hartzen jarraitzera gonbidatu genituen; guzti horietatik 40 bat talderen erantzuna izan dugu, online biltzen jarraitu dute, bileretako argazkiak bidali dizkigute... beraz pozik gaude. Parte-hartzaileen artean horrelako tresnak erabiltzera ohituta ez dagoen jendea dago gainera eta erremintak eman dizkiegu funtzionatu ahal izateko, eta ondo erantzun dute. Datorren urteari begira, aurreikuspena parte-hartzea erdira jaitsi daitekeela da, baina ahalegina egingo dugu kopuru horretatik gora joateko eta uste dut aukera badugula. Egia da hasiera batean egingo den planteamendua online egitekoa izango dela, baina ikusiko dugu egoera nola dagoen; ahal bezain laster ekintzak presentzialki egiteko asmoa dugu.
Eta ekimen jendetsuak aipatuta, azken urteotan berebiziko garrantzia hartu duen Euskaraldia ere badugu tartean. Zer gertatuko da aurtengo edizioan?
Inork ez daki. Printzipioz Euskaraldiak aurrera darrai. Aurten Udalarekin aurreikusita genuen aurrekontuak beherakada izan du eta murrizketa nahikoa izan dugu. Horren araberako lanketa egiten saiatu gara, egoerari berrira doituz. Buruan genuen ideia behintzat aurrera doa. Entitate batzuekin harremana izan dugu, sarean gauzak ateratzen ari gara, sustapen ekintzak egiten, formazioa ere aurreikusita dugu irailerako, eta printzipioz ezerk ez du esaten Euskaraldia egingo ez denik. Baina egia da gaur gaurkoz datorren astean zer gertatuko den ere ez dakigula.
Zein izan daiteke Euskaraldiaren arrakasta?
Euskalgintzak aspaldi egin zuen analisi hori, hau da, ezagutzatik erabilerara salto egiteko beharra. Eta pixkanaka gizarteak barneratu egin du. Ikusten da euskarak baduela balio erantsi bat ere. Uste dut garrantzitsua dela euskarak duen harremantzeko aukera; eremu intimora, kidetasunera, hurbiltasunera eramateko daukan ahalmen hori.
Bestetik, zer egin dezakegu gaur egun euskararekiko atxikimendurik sentitzen ez duten horiek erakartzeko?
Gonbitea izan behar da. Beraiekin batera ikusi zeintzuk diren dituzten zailtasunak... Askotan esaten dugu hau guztia konplexu handi bat dela. Euskaraz oso ondo dakienak konplexua dauka besteak ez ulertzeko edo bestearen aurrean jakitun bezala geratzeko... ez dakienak, aldiz, konplexua dauka hanka sartzeko, lotsa moduko bat erridikulua egiteko... eta hau apurtu behar da. Azkenean euskara tresna bat da, hurbiltzeko balio du, harremanak sortzeko. Eta hori da garrantzitsuena. Euskara ez dakiten horiek hortik erakarri behar ditugu, gonbitetik eta enpatiatik eta jakinik batzuek zailtasunak ere izan ditzaketela. Kontua da euskara ikasteak denbora behar duela eta horretarako erakundeek aukera eman behar diotela jendeari bide hori egiteko.
Itxuraz herritar askok dute euskararen aldeko jarrera eta laguntzeko prest ere badaudela erakutsi dute. Beste horrenbeste esan al daiteke erakunde publikoez?
"Euskaraldia hasiera batetik erakundeen eta herri mugimenduaren eskuz eskuko proiektu bat izan da. Horretan datza bere arrakasta eta horretan jarraitu behar dugu."
Adibidez, Euskaraldia hasiera batetik erakundeen eta herri mugimenduaren eskuz eskuko proiektu bat izan da. Horretan datza bere arrakasta eta horretan jarraitu behar dugu. Erakundeek egin behar dutena da beraien erakundearen baitan edo beraien sustapen eremuetan euskararen erabilera aktibatzeko politikak martxan jarri; baina finantziazioa ere jarri behar dute mahai gainean. Herri ekimenak modu boluntarioan aurrera egiteko ahalmena dauka. Urte guztian zehar lanketa egiteko bermea ematen duten egitura batzuk ere baditu, baina egitura horiek aurreikuspen batzuk dauzkate eta betetzen ez direnean kinka larrian jartzen dituzte egitura horiek. Hau da, heldu beharreko laguntza hori ez baldin bada garaiz heltzen, erakundeak bere dirutik jarri beharra du, eta hori askotan ezinezkoa da. Proiektu bat pikutara joan daiteke epe kontuengatik. Hori da erakundeek kontuan eduki beharko luketena. Eta ulertzen dut erakundeek momentu honetan beste lehentasun batzuk ere badituztela, eta egoera ez dela erraza. Teknikari askok erantzunik ere ez dute; goitik datorrenaren zain daude, eta erantzukizuna ez da beraiena, erabakiak hartu behar dituzten horien ardura da.
Sektore asko izango dira kolpatuak krisiaren eraginez, baina euskalgintza behar bezala zaintzeko neurriak hartu direla esango al zenuke?
Ezetz uste dugu. Adibidez Euskararen Kontseiluaren inguruan egin da azterketa bat, mamitsua eta hausnartua, euskalgintzako hainbat sektorek adostutakoa. Hori mahai gainean dago eta erakundeek badakite egoera zein den. Euskara desagertu egin da pandemiaren momentu batzuetan, eta hor dago askotan aipatzen den zeharlerrotasun hori ez sinistearen edo ez gauzatzearen ondorioa. Euskara beti omen da zeharlerroa, beti dago gobernuari loturiko egituretan etabar, baina ez da benetan gauzatzen. Gauzak beste modu batean datozenean, euskara desagertu egiten da. Honek asko esaten du. Beste hainbat gai bezala euskara lehen mailan jarri behar dela uste dut; feminismoa edo ekologismoarekin bezala. Euskara euskal gizartearen ardatz bat da gertuko egiten gaituelako, eremu intimoan ematen diren erlazioak direlako... eta hori zaintzea lortu behar dugu.
Araban azken urteotan euskarak aurrerapauso handia eman du. Eutsiko al zaio joera horri?
"Gasteizen eta Araban jende asko dago euskara maite duena, euskara sustatu nahi duena eta euskara bere eguneroko hizkuntza izan dadila nahi duena."
Baietz uste dut. Salto kuantitatibo eta kualitatiboa izan da eman duguna. Kontuan izan behar da datu soziolinguistikoei edo bilakaerari buruz hitz egiten hasten garenean nondik gatozen. Gasteiz zerotik hasi zen duela berrogei urte, beno edo ia zerotik, eta ikusi zein den egungo egoera. Bilakaera horrek positiboa izaten jarraitzen du eta hori erakusten du ekintza ezberdinetan izan dugun arrakastak. Jendeak behar du, eta jendeak eskatzen du. Pandemiak guztiari eragingo dio baina uste dut Arabak positibo izateko motiboak badituela. Gasteizen euskarak gero eta indar handiagoa dauka, populazioaren erdia da euskalduna, eta erabilerari dagokionez bigarren hiriburua gara Euskal Herrian, eta hori azpimarratu egin behar da. Hori zeozergatik da: jende asko dagoelako Gasteizen eta Araban euskara maite duena, euskara sustatu nahi duena eta euskara bere eguneroko hizkuntza izan dadila nahi duena. Horri esker heldu gara honaino.
2021ean txosnan topa egiteko hitzordua egingo dugu orduan?
Noski baietz, topa!