Aihotz plazako gunea GEU Elkartearen diru iturri garrantzitsua da, baina aurten ezin izango du txosnarik jarri Gasteizko jaietan. Euskararen aldeko elkarteak Euskararen Txanda izeneko crowdfunding kanpaina bat abiatu zuen ekainaren amaieran, urte osoan zehar euskara sustatzeko ekimenak antolatzen jarraitu ahal izateko.
2020. urtean aurreikusitako GEU Elkartearen hainbat ekintza kolokan geratu dira pandemiak sortutako egoera dela eta, baina finantzaketa kolektiborako kanpainaren bitartez kolpea arintzea lortu du. Diru bilketa baliozkotzat jotzeko gutxieneko kopurua 6.000 eurokoa zen, eta dagoeneko 7.380 euro inguru biltzea lortu dute.
Hala ere, oraindik 11 egun falta dira itsulapikoa.eus plataforman sortutako kanpaina amaitzeko, eta "amestutako" diru kopuru optimoa 10.000 eurokoa da.