Juan Carlos I.ari kalea kentzea erabaki "eskasa" dela kritikatu dute

Erredakzioa 2020ko uzt. 29a, 14:54
Salburuko kaleak Martxoak 8 Etorbidea izena du dagoeneko. / GOOGLE MAPS

EH Bilduk uste du alkatearen erabakia "eskasa" dela, eta aldaketa gehiago proposatuko ditu. Mugimendu feministak "zuriketa morea" dela salatu du. Eta hainbat ekintzaile memorialistak frankismoa kale-izendegitik ezabatzea eskatu diote.

Gasteizko Salburua auzoko Juan Carlos I.a Etorbidea Martxoak 8 Etorbidea izena du astearte honetatik, baina mundu guztiak ez du txalotu Gorka Urtaran alkateak dekretu bidez hartutako erabakia. Errege emerituaren "eredugarritasuna zalantzan" dagoela uste du Udalak, baina hori zalantzan jarri gabe ere, hainbat kritika jaso ditu hainbat eragileren partetik.

EH Bilduk, adibidez, pisua kendu dio erabakiari, eta, neurria "pozgarria" dela baderitzo ere, aldaketa gehiago proposatuko ditu Arabako hiriburuko kale-izendegian. "Alde bakarreko erabakia da, oso berandu iritsi da, eta, gainera, gutxiegi da", deitoratu du indar subiranistak.

Miren Larrionek gogoratu du udalbatzak duela zortzi urte, 2012an, hartutako akordio batean jaso zela kaleari izena kentzea, eta 2020ra arte ez dela egin. Gainera, nabarmendu du "ulertezina" dela udalerrian monarkiari lotutako beste etorbide izen batekin jarraitzea; izan ere, gaur egun, Sofia Erreginaren Hiribideak lotzen ditu Mariturri eta Ariznabarra auzoak.

"Erabat eskasa da; ezin da ulertu kale izendegitik monarkia ustel osoa desagerrarazi ez izana, Juan Carlos I.aren emazte Sofiari kalea kenduta", kritikatu du EH Bilduren udal bozeramaile Miren Larrionek.

Kale-izendegi frankista

Larrionek gogorarazi duen bezala, orain dela urte batzuk memoria historikoa aztertzeko lantaldeak proposatu zuen kale izendegiari hainbat moldaketa egitea, erregimen frankistari lotutako kale izenak aldatzeko.

Orduan, Urtaranek ezezkoa eman zuen, arazo teknikoak eta zailtasunak argudiatuta. "Gertatu denak agerian uzten du benetako borondate politikoa dagoenean posiblea eta egingarria dela balizko edozein arazo tekniko gainditzea", azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak. Gainera, kale izendegiaren egoerari buruzko "gogoeta sakon bat" abiatzea eskatu du, "emakume gehiago kale izenetan sartzeko eta diktadura frankistatik geratzen diren arrastoak behingoz ezabatzeko".

Ildo berean hitz egin du Lander Garcia militante memorialistak sare sozialetan: "Gasteizko kale-izendegian hiriko alkate, militar eta gotzain frankistak mantentzeko argudioa zen zaila zela eskriturak aldatzea, eta, gainera, postariak eta banatzaileak nahastu egingo zirela. Orain ez dago aitzakiarik".

"Zuriketa morea"

Halaber, Gasteizko mugimendu feministaren kritika gogorrak jaso ditu alkatearen erabakiak: "Ez dugu onartzen; zuena zuriketa morea baino ez da", salatu dute sare sozialetan, Gorka Urtarani eta EAJri zuzendutako mezuan.

Gogoan izan dituzte, besteak beste, 2019ko greba feministaren harira jarritako isunak, 2020ko greban Balkonada erabiltzeko baimena ukatu izana edota Talka espazio feministaren aurkako neurriak.

Zentzu berean, "Gorka Urtaran, ez zara feminista eta badakizu. Garbiketa morerik ez", adierazi du Bilgune Feministak bere Twitter kontuaren bitartez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide