Martxoak 8 Etorbidea izena hartu du Juan Carlos I.a Etorbideak

Erredakzioa 2020ko uzt. 28a, 11:30
Martxoak 8 Etorbidea izena hartu du Salburua zeharkatzen duen kaleak. / GOOGLE MAPS

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek astearte honetan sinatu du Salburua auzoko Juan Carlos I.a Etorbideari izena aldatzeko dekretua. Gaurtik aurrera, Martxoak 8 Etorbidea izango da.

Duela aste batzuk hartutako konpromisoa bete nahi izan du Gorka Urtaran alkateak Gasteizko Salburua auzoko etorbide honen izena aldatuz. "Asko dira kale bat izatea merezi duten emakume gasteiztarrak", azpimarratu du Gorka Urtaranek, eta izendapen berri hori "berdintasunean oinarritzen den hiri askeago bat lortzeko bizitza eskaini diotenen aitorpen gisa" aukeratu dutela azaldu du.

Udalbatzak, ekainaren 19ko osoko bilkuran, herri-txandak aurkeztutako mozio bat onartu zuen aho batez, kale izendegian emakume gehiago egotearen alde. Gainera, emakumeak aintzatesteko eta berdintasun politikak bultzatzeko konpromisoa bete nahi du udal gobernuak

Gasteizko kale-izendegian emakumeek espazio handiagoa izan dezaten, Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aukeratu du Udalak.

Juan Carlos I.aren eredugarritasuna zalantzan

Hiriburuak "jarraitu beharreko adibidetzat hartzen dituen balioak eta printzipioak ordezkatzen dituzten pertsonei eskainitako kale ugari" dituela kontuan hartu du Gasteizko Udalak. Azken hilabeteetan, ordea, "balio eta printzipio horiekiko errespetua zalantzan" jartzen duten hainbat informazio ezagutu dira Juan Carlos I.a errege emerituaren inguruan.

Udal agintariek, halaber, martxoaren 15eko Erregearen Etxearen komunikatua ekarri dute gogora. Bertan, egungo errege Felipe VI.ak, "Koroaren eredugarritasuna babesteko helburuarekin", uko egin zion bere aita Juan Carlos I.arengandik legokiokeen jaraunspenari, baita edozein aktibo, inbertsio edo finantza-egiturari ere, baldin eta haien jatorria, ezaugarriak edo helburua "legezkotasunarekin edo zuzenbide-irizpideekin bat ez badatoz". Gainera, Juan Carlos I.ak Erregearen Etxearen aurrekontuan finkatuta zuen diru-kopurua kentzen zela jakinarazten zen.

"Egoera horiek guztiek agerian uzten dute Juan Carlos I.aren eredugarritasuna zalantzan dagoela, beste erakunde eta instantzia judizialek behin eta berriz adierazi duten bezala", azpimarratu du Udalak; "hiri onek ezin du, eta ez du nahi, horri guztiari arrotz izan".

Horrenbestez, "hirian kale bat duten pertsonek izan behar dituzten balioak babesteko", Juan Carlos I etorbidearen izena aldatzea erabaki du alkateak, eta erabaki horren berri eman dio gaur goizean Udaleko bozeramaileen batzordeari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide