GEU Elkarteak Euskararen Txanda izeneko crowdfounding kanpaina bat abiatzea erabaki du, COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko. Izan ere, 2020. urtean aurreikusitako GEU Elkartearen hainbat ekintza kolokan geratu dira pandemiak sortutako egoera dela eta.
"Konfinamendu egoeran ere aurrera egitea erabaki genuen, gure bazkide, mintzalagun eta Gasteizko euskaltzale guztiei euskarazko eskaintza bermatze aldera", azaldu dute. Horrela, elkartearen eguneroko lana birmoldatu eta egoera berrira egokitu dute; adibidez, Gasteizko eragile ugarirekin elkarlanari ekin diote.
Halere, abuztuan Gasteizko jaiak ospatuko ez direnez, elkarteak ez du txosnarik jarriko Aihotz plazan. Txosna hori, Gasteizko euskaldunen gune erreferentea izateaz gain, elkarteak antolatzen dituen ekintza askorentzako diru iturri nagusia da. Iturri hori bertan behera gelditzeak erabat baldintzatu du elkartearen auto-finantzaketa, eta, horrenbestez, baita urte osoan zehar euskara sustatzeko ekimenak antolatzeko aukera ere.
"Ekintza ugari kinka larrian aurkituko lirateke, eta, hori dela eta, diru bilketa bat abiarazteko beharrean ikusi dugu gure burua", azaldu du GEU Elkarteak.
Hortaz, urteroko txandaren ordez, crowdfunding kanpainaren barruan "bakoitzak ahal duen ekarpena" egitera animatu dute, ekarpen guztiek sari bikoitza izango baitute. Alde batetik, itsulapikoa.eus plataforman hainbat sari iragarri dituzte; bestetik, urte osoan zehar antolatzen dituzten ekintza guztiak izango dira saririk "garrantzitsuena", elkartearen ustez.
Hiru hamarkada euskara sustatzen
GEU Gasteiz Euskalduna irabazi asmorik gabeko elkartea 1992. urtean sortu zen, Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko eta euskaldun zein euskaltzaleen komunitatea trinkotzeko asmoarekin. Euskaltzaleen Topagunea euskara elkarteen federazioaren bazkide da.
Azken urteetan, elkartearen tamaina nabarmen handitu da, eta, horrekin batera, elkartearen egitura sendotu egin da. Egitasmo berriak jarri dituzte martxan, eta hainbat arlotan aritu dira lanean: hedabideak, kultura, aisialdia, mintza praktika eta abar luze bat.
Urte hauetan guztietan elkarlana izan da GEUren oinarrietako bat, Gasteiz, Araba zein Euskal Herriko eragile, erakunde eta norbanakoekin: "Izandako garapenean ezinbestekoak izan dira elkarlan esperientzia horiek", azpimarratu du elkarteak, crowdfunding kanpaina iragartzeko zabaldu duen oharrean.
30. urteurrenaren atarian, urte guzti hauetan "Gasteizko euskararen motore" izaten saiatu direla azpimarratu du GEUk: "Mendira igo, liburuekin gozatu, lagunekin mintzatzen ibili, ahoa bizi eta belarria prest, umeekin euskaraz jolastu eta kantatu, ehunka kide formatu, sortzaileak bultzatu… Aldizkari izan ginen eta ale bihurtu, eta nola ez, txosnan gozatu, kantatu, dastatu eta dantzatu!".
Hamaika egitasmo
Aipatu bezala, Gasteizen euskara sustatzea da GEU Elkartearen zeregin nagusia, eta xede horrekin urte osoan zehar antolatzen dituen ekimen zein egitasmoen zerrenda luzea da.
Ekintzak asko dira, baina Arabako hiriburuan lortutako emaitzei erreparatuz, horietako bi azpimarratu ditzakegu. Alde batetik, Gasteizko Mintzalaguna egitasmoan 600 mintzalagun inguruk parte hartzen dute astero. Eta, Euskaraldiaren kasuan, 13.000 ahobizi eta belarriprest egon ziren 2018ko edizioan; gainera, aurtengo edizioaren prestaketa lanetan ere murgilduta dago gaur egun GEU Elkartea.
Horrez gain, Gasteizko jaietan, GEU Elkarteak Euskalgunea antolatzen du Aihotz Plazan. Urtero, 200 bat boluntariok txanda egiten dute, eta milaka pertsona pasatzen dira txosnatik eta antolatutako ekitaldietatik.
Horrez gain, bestelako jarduerak antolatzen ditu elkarteak: hilabetean behin, astearte batez, euskarazko eskaintza musikala antolatzen duten Parral Tabernan; aurten, gainera, 25 urte bete ditu GEUrekin Mendira egitasmoak, eta hilabetean behin, Euskal Herriko mendi batera euskarazko txangoa antolatzen dute.
Baina horiek ez dira ekimen bakarrak, eta kulturarekin lotutako jarduera gehiago ere antolatzen dituzte: Irakurle Kluba, hilabetean behin, euskarazko liburu baten inguruko saioa; edota Begi Belarri, hilabetean behin, euskarazko dokumental baten emanaldia Oihaneder Euskararen Etxean.
Familia giroan eta umeei bideratutako jarduerek ere GEU Elkartea ezaugarritzen dute: Igandeak Jai, familia irteerak, haurrekin euskara sustatzeko lantegiak eta tailerrak, hezitzaileen artean euskara sustatzeko formazio saioak, edota euskara sustatzeko Euskalaka udaleku itxiak.
Txosnatik crowdfunding kanpainara
Txosnan egindako ekarpenak eta horren bidez jasotako babesa "ezinbestekoak" zaizkio GEUri: "Gasteizko euskalgintzari hauspoa emateko ezinbestekoa da, tortilla ogitarteko bakoitzarengatik, irribarre bat; katxi bakoitzarengatik, ikuskizun bat; sagardo botila bakoitzarengatik, formakuntza bat". Izan ere, txosnatik lortutako dirua behar dute urtean zehar ekintzak antolatu ahal izateko.
Aurten, ordea, Gasteizko euskaltzaleek ez dute GEU txosnan elkar ikusiko. GEUk ez die txanda bat egitea eskatuko, eta ez die txakolin freskorik zerbitzatuko. Baina "aurten ere txanda hartzeko" eskatu du, beste modu batean bada ere.
Hortaz, txosnako txanda egin beharrean, crowdfounding edo diru bilketa kanpaina abiatu du GEUk: "Elkarteak behar duelako, Gasteizek behar duelako. Gasteiz euskararen alaitasunez bete nahi dugulako, jaietan dugun alaitasun hori guztia kutsakorra izatea nahi dugulako. Beraz, aurten jaietan gastatuko ez dituzun xox horietako batzuk bideratzea eskatu nahi dizugu".