Euskararen Txanda: gutxieneko diru kopurua lortu du GEU Elkarteak

Erredakzioa 2020ko uzt. 22a, 17:15

Txosnako txandaren ordez, diru ekarpena egitera animatu dituzte herritarrak. / GEU Elkartea

Duela hiru aste abiatutako crowdfunding kanpainaren gutxieneko diru kopurura iritsi da GEU Elkartea. Hala ere, ekarpen gehiago behar dituzte 10.000 euroko "kopuru optimoa" lortu eta euskara sustatzeko ekimenen autofinantzaketan sakontzeko.

Aihotz plazako gunea GEU Elkartearen diru iturri garrantzitsua da, baina aurten ezin izango du txosnarik jarri Gasteizko jaietan. Euskararen aldeko elkarteak Euskararen Txanda izeneko crowdfunding kanpaina bat abiatu zuen ekainaren amaieran, urte osoan zehar euskara sustatzeko ekimenak antolatzen jarraitu ahal izateko.

2020. urtean aurreikusitako GEU Elkartearen hainbat ekintza kolokan geratu dira pandemiak sortutako egoera dela eta, baina finantzaketa kolektiborako kanpainaren bitartez kolpea arintzea lortu du. Diru bilketa baliozkotzat jotzeko gutxieneko kopurua 6.000 eurokoa zen, eta dagoeneko 6.800 euro inguru biltzea lortu dute.

Hala ere, oraindik 17 egun falta dira itsulapikoa.eus plataforman sortutako kanpaina amaitzeko, eta "amestutako" diru kopuru optimoa 10.000 eurokoa da.

Bost aukera ekarpena egiteko

Aurten jarri ahal izango ez duen txosnaren funtzionamenduan oinarrituta, lau ekarpen mota proposatu die GEU Elkarteak ekarpena egin nahi duten lagunei, eta urteroko txandaren ordez, "bakoitzak ahal duen ekarpena" egitera animatu dituzte herritarrak:

  • Bakarlari | 10 euro. Trukean, Gasteizko leku erreferentzial batean egingo duten muralean zure izena agertuko da.
  • Bikote | 20 euro. Trukean, aipatutako muralean zure izena agertzeaz gain, GEUko material kit bat irabaziko duzu.
  • Kuadrilla | 50 euro. Trukean, aurreko bi sariez gain, Maddalen Agirre Loinazek egindako ilustrazio bat eramango duzu.
  • Gaur nire kontu | 100 euro. Trukean, aurreko hiru sariez gain, GEUko kopa berezien joko bat lortuko duzu.
  • Txanda bat egin | 100 euro baino gehiago. Trukean, aurreko lau sariez gain, GEUko amantala jasoko duzu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago