Koronabirusa

Gasteizko Txosnak jaien etenaldiaren aurrean: "Kalea gara, kalean gara!"

Mikel Buruaga 2020ko uzt. 24a, 13:35

40. urteurrena ospatzekoak ziren Gasteizko Txosnak, baina pandemiaren ondorioz etenaldi bat egin beharko dute aurten. Hala ere, instituzioen "erantzun eza" salatu eta kulturaren zein herri mugimenduaren alde lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Gasteizko Txosna Batzordeak Florida parkean egindako agerraldian azaldu du Covid-19aren pandemiaren ondorioz, 40 urteko ibilbidea duen txosnaguneari etenaldi bat egokitu zaiola aurten baina 2021ean itzuliko dela. Erabaki zaila izan da, "jaiak egunerokotasuneko gatazkak, nahiak, haserreak, zapalkuntzak, ametsak… plazaratzeko gune bat" direlako txosnak jartzen dituzten kolektiboentzat.

Argi dute une honetan lehentasuna "osasun larrialdi egoerari modu kolektiboan aurre egitea" dela, "guztion osasuna eta zaintza ezinbestekoak" direlako. Hortaz, aurtengo Gasteizko Jaiek "beste forma bat" hartu beharko dute, baina horrek ez du esan nahi txosnak desagertuko direnik: "Nola desagertuko da kalea? Eta nola desagertuko gara gu geu kalea izanik?", adierazi dute.

Bitartean, etenaldia arren, lanean egon dira eta "kaleak betetzen" jarraituko dute: "Borroka feminista ehuntzen jarraitzen dugu, euskal preso politikoen etxeratzea lau haizetara oihukatzen dugu, gazteok bizitzaren hautua egiten dugula aldarrikatzen jarraitzen dugu, munduko beste herrialde eta borrokekin distantzia txikitzen jarraitzen dugu, komunikatzeko modu alternatiboak daudela aldarrikatzen jarraitzen dugu, auzoak biziberritzen jarraitzen dugu… Finean beste bizi eta herri bat posible dela erakusten jarraitzen dugu".

Hala egin dute 40 urte hauetan, eta aurrerantzean hala egingo dutela azpimarratu dute, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian: "Ez ginelako inoiz joan. Ez garelako joan. Ez garelako joango. Kalea garelako eta kalean garelako".

40 urteko inurri lana

Gogoratu dutenez, 1980. urtean zalaparta handia sortu zen Gasteizen, herri mugimenduen bilgunea izango ziren Gasteizko Txosnak abian jarri zirenean: "Aisialdi eta jai eredu alternatibo baten iturria, hamaika borroken plaza, indarrean zeuden joera eta balioak eraldatzeko aukera, parte hartzeko aukera, ikasteko aukera...".

40 urte bete dituzten honetan ere, nahiz eta txosnagunea bertan behera geratu, lanean egon direla azaldu dute: "Astero bilerak, koordinazio planak, baimenak...". Gainera, Txosna Batzordea osatzen duten kolektiboak "egunez egun, inurri lana eginez kaleak eta plazak kolorez betetzen eta ureztatzen" dituztenak direla azpimarratu dute.

Instituzioen "erantzun eza"

Maiatzaren 15ean iragarri zuen Gasteizko Udalak jaiak bertan behera geratuko zirela, eta, hasieratik, erabakiarekin desadostasuna azaleratu zuten Gasteizko Txosnek. "Gure hiriko jaiak existitzen badira eta egun ezagutzen ditugun modukoak baldin badira, atzetik lanean dauden eragile eta kolektibo guztiei esker da", ohartarazi dute agerraldian.

Udalaren erabakiaren ostean, Txagorritxu, Judimendi, Adurtza auzoetako edota Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaietan talka bat egon da instituzioen eta jai batzordeen artean. Txosna Batzordearen arabera, auzo horietan erakutsi dute "posible dela jaiak ospatzea segurtasun neurriak betetzen; ez dira ezagutzen genituen jaiak, ez dira gustukoen ditugun jaiak, baina posible dira".

Aste hauetan kulturaren arloko artista, musikari, antzerkilari edota teknikariek egin bezala, Covid-19ak kulturan izandako eragina eta instituzioen "erantzun eza" ere salatu dute agerraldian. "Udalaren traben gainetik gure lana aurrera eraman eta jai eredu berriak errealitate bihurtu ditugu. Posible badelako", azpimarratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago