"Jai batzorde guztiak animatzen ditugu jai herrikoien alde antola daitezen"

Erredakzioa 2020ko mai. 19a, 12:20

Besteak beste, Gasteizko Txosnek eta Blusen eta Nesken Elkarteak sinatu dute oharra. / @entxosnatu

Ohar bateratua plazaratu dute jaietako eragile nagusiek jaiak bertan behera uzteko erabakiaren aurrean: "Baztertuak izan gara, ez dute gurekin kontatu". Jai herrikoiak "osasun eta segurtasun neurri guztiekin" antolatzeko asmoa adierazi dute.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jai nagusiei buruzko ohar bateratua plazaratu dute jai herrikoien aldeko sei eragilek: Gasteizko Txosnekin eta Blusen eta Nesken Elkartearekin batera, Bilboko Konpartsek, Donostiako Piratek, Herri San Ferminek eta Iruñeko Peñen Federazioak ere sinatu dute manifestua.

Pasa den ostiralean ezagutu genuen Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek abuztuan jai ofizialik ez egitea adostu dutela, baina kritika gogorra egin dute eragile sinatzaileek; izan ere, erabakia "inondik inora ere konpartitu gabe eta aldebakarrez" hartu dutela leporatu diete udalei.

 

"Ez gara erabakia bere horretan zalantzan jartzera sartuko, baizik eta erabakia hartzeko formak", argi utzi dute; modu horretan, erabakiak "balioa galtzen" duela uste dute.

"Baztertuak" izan direla diote, eta erakundeek ez dutela haiekin kontatu: "Erabakiaren berri prentsara bota baino minutu gutxi batzuk lehenago edo zuzenean prentsaren bidez jaso dugu", azaldu dute, udalekin "etengabeko harremanetan" egon arren, eta "hitz egiteko prestutasuna hasieratik" erakutsi arren.

Azkenik, jai herrikoien "alaitasuna, kolorea eta kolektibotasuna" defendatu dute. Euskal Herriko jai batzorde guztiak jai herrikoien alde antola daitezen animatu dituzte, betiere osasun eta segurtasun neurriak bermatuz, eta modu berritzailean eskaintza eginez: "Orain arte oztopo guztiei aurre egin badiegu, oraingoan ez gara gutxiago izango", adierazi dute.

Zabaldutako oharraren hasieran elkartasuna adierazi diete osasun krisiaren testuinguruan "moduren batean edo bestean sufritzen ari direnei". Horrez gain, balore batzuk "indartuta" atera direla azpimarratu dute: "Elkar zaintza, herritarron saretzea eta osasuna eta bizitzak defendatzeko grina".

Ohar bateratua

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jai nagusiei buruzko oharra:

Osasun krisiak Euskal Herria eta mundua gogor kolpatu du. Datuen atzean mila istorio latz daude eta gure elkartasuna azaldu nahi diegu egoera honetan, moduren batean edo bestean, sufritzen ari direnei: ingurukoak galdu, lana galdu, edota lan baldintza kaxkarrak jasan behar izan dituztenei. Egoera gogor honetan balore batzuk indartuta atera dira: elkar zaintza, herritarron saretzea eta osasuna eta bizitzak defendatzeko grina.

"Egoera gogor honetan balore batzuk indartuta atera dira"

Baina herritarrok balore horien garrantziaz jabetzen joan garen bitartean, beste batzuek erabakiak euren buruei begira hartzen aritu dira, eta erabakiak inondik inora ere konpartitu gabe hartu dituzte. Zerrenda amaigabea litzateke, eta azken egun eta asteetan jai herrikoien inguruan hartzen ari diren erabakiak ere horren baitan kokatzen ditugu. Hau esatean, argi utzi nahi dugu ez garela erabakia bere horretan zalantzan jartzera sartuko, baizik eta erabakia hartu den formak. Azken batean, erabaki hauek modu ez konpartituan eta aldebakarrez hartu dira. Horrela izanda, erabakiak balioa galtzen du guretzat.

"Erabakiak modu ez konpartituan eta aldebakarrez hartu dira"

Baztertuak izan gara, ez dute gurekin kontatu. Erabakiaren berri prentsara bota baino minutu gutxi batzuk lehenago edo zuzenean prentsaren bidez jaso dugu, udalekin etengabeko harremanetan egon garen arren eta hitz egiteko prestutasuna hasieratik erakutsi dugun arren. Beste behin ere jai herrikoiak bigarren planoan utzi gaituzte, herritarron parte hartzea alde batera utziz.

Garai gogor hauetan herritarrok inoiz baino gehiago behar dugu jaiek ematen diguten alaitasuna, kolorea, kolektibotasuna. Eta hori modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta jasangarritasunean egiten jarraitu nahi dugu, denon parte hartzea oinarri hartuta. Horregatik, animatzen ditugu Euskal Herriko jai batzorde guztiak jai herrikoien alde antola daitezen. Beti ere osasun eta segurtasun neurri guztiekin, modu berritzailean eskaintza eginez. Orain arte oztopo guztiei aurre egin badiegu, oraingoan ez gara gutxiago izango.

"Animatzen ditugu Euskal Herriko jai batzorde guztiak jai herrikoien alde antola daitezen"

Iruñean San Fermin berezi baina alai batzuk biziko ditugu!

Balkoi berri edo leiho on, Zeledonek jaiak herriari zor!

Guk Donostia abordatuko dugu!

Bilbon ez gara besoak uztarturik geratuko eta Marijaiaren irria zabalduko dugu!

Eta zuek, jarraitu Euskal Herri osoa alaitasunez eta poztasunez eraikitzen, herritik eta herriarentzat, GORA JAI HERRIKOIAK!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago