Koronabirusa

Ofiziala da: 2020ko Gasteizko jaiak bertan behera geratu dira

Erredakzioa 2020ko mai. 15a, 12:06

Arabako hiriburuak aurten ez ditu Andre Maria Zuriaren jaiak egingo. / ALEA

Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek abuztuan jairik ez egitea adostu dute, osasun alorreko aholkuak eta ekitaldi jendetsuak egiteko ezintasuna kontuan izanik.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Bilboko eta Donostiako alkateekin batera, abuztuan jairik egin ezin izango dutela iragarri dute ostiral goizean.

Lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta hiru lurralde historikoetako diputatu nagusiekin zenbait bilera izan ondoren, hiru alkateek elkarrekin aztertu dute Covid-19ak sortutako egoera.

"Osasun alorreko irizpideak" eta "espazio publikoan aire zabaleko jarduerak eta ekitaldi jendetsuak egiteko mugak" kontuan hartu dituzte.

Ohiko jairik ez

Hainbat aukera aztertu ondoren, EAEko hiriburuetako alkateek erabaki dute aurten "ohiko" jairik ez egitea. Hiri bakoitzeko udal taldeekin eta gizarte zein kultura eragileekin batera lan egiteko asmoa dute, 2020ko udan zehar kultura, arte eta aisialdiko jarduerak egiteko egutegi bat landu ahal izateko.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, jaietan "milaka eta milaka" pertsona bildu ohi dira: "Ekitaldi jendetsuak izaten dira, zaindu beharreko milaka pertsona biltzen baitira. Zeledoni eta Andre Maria Zuriari formatu txikiko ekitaldien bitartez egingo diegu ohore, betiere gure osasuna babestuz, eta 2021ean jaiak itzuliko dira".

Gasteizko Txosnen 40. urteurrena, kolokan

40 urte betetzen dituzte aurten Gasteizko Txosnek, eta ALEAri azaldu diotenez, "sare sozialen bitartez" ezagutu dute Udalaren erabakia: "Hilabete egon gara Udalaren atzetik, eta orain enteratu gara".

Halaber, jaien inguruko bilera bat eskatu diote Udalari, eta abuztuan "formatu txikiko" ezohiko egitarau bat aurrera ateratzeko asmoa adierazi dute.

Gehienez 250 lagun ekitaldietan

EUDEL Udalen Elkarteak, EAEko Erakunde arteko Mahaiari proposatuko dio datorren irailaren 15era arte egingo diren kultura eta festa jarduera guztietako gehieneko edukiera 250 eserlekutara mugatzea, esparru itxi zein irekietan.

Proposamenak aurreikusten du pertsona bakoitzak gutxienez lau metro koadroko espazioa izatea, gomendatutako segurtasun tarteak errespetatu ahal izateko. Pertsona guztiak eserita egon beharko dira, gainera.

Neurri horien azken erabakia Erakundearteko Mahaiari dagokio; bertan, EUDELez gain, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta EAEko hiru hiriburuetako udalak daude.

Udalekurik gabeko uda

Ana del Val Gazteria diputatuak ostiral honetan baieztatu du 2020an ez direla Udalekuak egingo, ezta Gazte Bidaiak ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek modu koordinatuan hartutako erabakia da, eta diputatuak Batzar Nagusietan iragarri du gaur.

Udalekuak programak 1.500 plaza inguru eskaintzen ditu Araban, 7 eta 13 urte bitarteko umeentzat; eta Valderejo, Espejo, Barria eta Zuazako kanpamenduak egiten dira Araban, besteak beste. Gainera, aurten 571 plaza zeuden Gazte Bidaiak programan, 13 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.

Uda honetarako alternatibak aztertzen ari da Arabako Foru Aldundia.

Igerilekuak irekiko dituzte udan

Espainiako Osasun Ministerioak udan igerilekuak irekitzea ahalbidetuko duela iragarri du, edukiera mugatuz. "Ez dago ebidentziarik Covid-19 eragiten duen birusa uraren bidez transmititu daitekeenik", dio atzo iragarritako agiriak.

Neurria indarrean sartuko da normaltasun berri baterako trantsizio-planak irekiera posible dela ezartzen duenean.

Herrietako jaiak

Bitartean, toki desberdinetan irudimena astintzen hasi dira, osasun krisian ere jaiak eta jaialdiak ospatu ahal izateko. Datorren ekainean, esate baterako, Araiako jaiak ez dira orain arte ezagutu ditugun bezalakoak izango. Osasun krisiak ohiko jarduerak galaraziko ditu, besteak beste, kontzertuak eta zezensuzkoa.

Hala ere, Udalaren asmoa da Araiak bere jaiak ospatzea eta, gainera, ahalik eta parte-hartze handienarekin egitea. Hori dela eta, maiatzaren 20ra arte, Udalak epea ireki du Jai Batzordean parte hartzen duten gizarte, kultura eta kirol eragileen proposamenak biltzeko.

Gasteizko auzoetako jai-batzordeek, berriz, jaiak ohiko formatuan ez antolatzeko erabakia hartu dute, "pertsonen osasuna babesteko pandemiak iraun bitartean eta baldintza egokiak eman arte". Alta, argi utzi dute jaiak mantenduko dituztela, formatoa aldatuta, eta parte-hartzea zabaltzeko deia egin dute.

"Sorkuntza eta irudimen fase berri bati ekingo diogu eta horretarako guztion ekarpena ezinbestekoa da, guztion artean koloreztatu eta alaituko baititugu auzoak. Buruari ekin eta bakoitzak bere alea jartzeko deia luzatu nahi dugu, musikariak, antzezlariak, sukaldariak, txosneroak…".

Erlazionatuak

Ziurgabetasuna nagusi lehen fase mugatuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 mai 15 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago