Ikusguneren ustez, ohitura batzuk aldatu ditu Covid-19aren pandemiak. Besteak beste, aisialdi establezimendu batzuk itxi behar izan dute, konfinamendua eta segurtasun neurriak direla eta: "LGTBI+ pertsonok hauetako batzuk erabiltzen genituen gure artean harremantzeko eta harreman sexu-afektiboak bilatzeko", azaldu dute.
Zaindu zaitez gida argitaratu dute, harreman sexu-afektiboak bilatzen diren tokietan eragiteko asmoz, baita ezohiko egoera honetan ere. Behatokiak azaldu duenez, cruising eremuak gay edo gizon bisexualak erabiltzen dituzte batez ere. Etxeetan geratzeak edo ligatzeko aplikazioek, ordea, publiko zabalagoa dute LGTBI+ pertsonen artean. Gainera, konfinamendu garaian ligatzeko aplikazioen erabilpenak gora egin duela atzeman dute.
"Deseskalatze prozesuan, beste aukera batzuen gabezia dela eta, cruising espazioak aukera bat bihur daitezke pertsona askorentzat", azaldu dute. Ligatzeko "espazio sanoak" bultzatu nahi ditu Ikusgunek, eta, horrekin batera, gune horietan arduraz jokatzea, zaintza propioa zein kolektiboa sustatuz.
Gida honetan, cruising eremuetan, ligatzeko aplikazioetan, norberaren etxean zein beste pertsona baten etxean "egoera desatseginak" ekiditeko gomendio batzuk proposatu ditu Ikusgunek; ingurunearekiko errespetua ere kontuan hartu dute gida sortzerakoan.
Sare sozialak eta aplikazioak
Gasteizko Udalak eta Ikusgunek duela gutxi aurkeztutako Gasteizen sexu‑orientazioaren eta genero-identitatearen aurka izandako gertakariei buruzko III. Txostenak aurreikusten zuen "jendea ezagutzeko edo sexu-topaketak bilatzeko sare sozialak eta aplikazioak erabiltzeari buruzko kanpaina espezifikoak egitea".
Azaldu dutenez, gaur egun, pertsona batzuek horrelako teknologiak erabiltzen dituzte "estortsioa eta xantaia" bilatzeko. Harremanetarako modalitate berria da, eta, Ikusguneren ustez, oraindik ere "gabezia handia" dago espazio horietan. Tresna horien ezagutzan sakontzea "premiazkoa" dela ohartarazi dute.
Gainera, txostenean jasotako datuen arabera, jazarpena eta irainak dira gehien errepikatzen diren erasoak, sare sozialetan eta ligatzeko aplikazioetan. Hortaz, gune erasokorrak dira LGTBI+ kolektiboarentzat, Ikusguneren ustez.
Azkenik, gogorarazi dute www.ikusgune.eus webgunean, liburuxka berriaz gain, LGTBI+fobiari aurre egiteko beste argitalpenak ere badituzuela.
Eraso LGTBI+foborik pairatu baduzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu 633 309 653 telefono zenbakira edo IKUSGUNE Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren webgunearen bidez salatu.