Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiaren lanak aurrerapauso berri bat lortu du, oraingoan hauteskundeei begira. Hauteskunde Batzordean hauteskunde-mahaiak osatuko dituztenentzako praktika onen gida erregistratu zuen Ikusgunek, hauteskunde-mahaietako kideak sentsibilizatu ditzan.
Horrela, agiri ofizialean beste genero-identitate bat dutenek berme guztiekin bozkatu ahal izango dute; edo, behintzat, horretarako baliabide eta aukera gehiago izango dituzte.
Ikusguneren proposamena onartu du Hauteskunde Batzordeak, eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari eskatu dio hauteskunde-mahaietako kideak sentsibilizatu ditzan.
Bozkatzea "estualdi bortitza" denean
Uztailaren 12an EAEko herritarrak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzera deituta daude. LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak azaldu duenez, bozkatzea oso ekintza erraza izan daiteke askorentzat, baina beste batzuentzat, ordea, "estualdi bortitza" suposatu dezake euren nortasun agiria erakustearen beharra. Izan ere, gerta daiteke agiri ofizialak sentitutako identitateak ez adieraztea.
"Badira emakume kategoriarekin identifikatzen diren herritarrak. Beste batzuk gizonezko kategoriarekin. Badira genero batetik bestera jariatzen dutenak. Badira ere ez gizon ez emakume gisa identifikatzen ez direnak", zehaztu du Ikusgunek. "Baina guzti-guztiak daude errealitate identitario guztiak onartzen ez dituen sistema burokratiko batean klasifikatzera behartuta".
Izan ere, ezarritako generoarekin edo agirian agertzen den irudiarekin bat egiten ez duten pertsonentzat sufrimenduzko prozesu bat izan daiteke denda batean kreditu txartelarekin ordaintzea, NANa erakustea edo medikuarengana joatea; eta hau ekidin beharko genukeela uste du LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, baita edozein hauteskunde deialdian ere.
Praktika onen gida
Hauteskunde-mahaietan egongo direnentzako eta hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoen ordezkarientzako, praktika onen gida editatu du Ikusgunek. Gida horretan, bozka emateko momentuan trans edo "genero burokrazian" sartzen ez diren pertsonen eskubideak errespetatzeko jarraibide batzuk azaltzen dira.
Gainera, Ikusguneren arabera, trans pertsonen eta genero arauetan sartzen ez direnak "ahalduntzeko tresna bat" ere bada. Euren eskubideak eta hauek urratuak izatekotan erreklamazio bideak azaltzen ditu.
Gida dagoeneko eskuragarri dago Ikusguneren web gunean.
Gidaz aparte, Ikusgunek bere burua eskaini du aipatutako egoeran dauden pertsonak hauteskunde-mahaietara laguntzeko: "Inor ezin da geratu bozka eskubiderik gabe identitatea ukatzen duen nortasun agiri bat erakusteak ekintza bortitza suposatzen diolako", azaldu dute.
Laguntza eskatzeko edo beste edozertarako harremanetan jartzeko aukera 633 306 653 telefonoaren bitartez zabalik dutela gogorarazi dute; telefono zenbaki horretara deituz, edo Whatsapp zein Telegram bidez mezu bat bidaliz.