Ikusgune

Sexu eta genero dibertsitatearen aurkako 25 eraso salatu dituzte azken urtean Araban

Erredakzioa 2020ko mai. 14a, 09:00

2019ko ekainaren 28ko manifestazioa, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna. / ALEA

Ikusgunek 25 eraso zenbatu ditu Araban 2019ko maiatzetik 2020ko apirilera bitartean. Salaketen kopurua nabarmen igo da, Gasteizko LGTBI+fobiaren Aurkako Behatokia sortzearen ondorioz.

Hogeitabost "gertakari" zenbatu dituzte iragan urteko maiatzetik aurtengo apirilera arte Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokian. Jasotako salaketen %85 hiriburuan gertatu dira: 21 Gasteizen, 2 Aiaraldean, beste bat Añanan, eta beste bat zehaztu gabe; biktima gehienak gazteak dira, 30 urtetik beherakoak hain zuzen; eta eraso gehien gertatzen diren urtaroa uda da (%40).

Salatutako erasoen artean, sei fobia mota atzeman ditu Ikusgunek: gehienak gertakari homofoboak izan dira (12), baina eraso intragenero (3), LGTBI+fobo (2), lesbofobo (3), serofobo (2) eta transfoboak (3) ere salatu egin dira.

Bestalde, eremu ugaritan jazo dira eraso horiek: lanpostuan (5), aisialdian (5), sare sozialetan eta ligatzeko aplikazioetan (4), arlo politikoan (3), espazio publikoan (3), familian (2), eremu instituzionalean (1) eta sexu berekoen artean -intragenero- (2).

Eraso motari dagokionez, gehienak –hamasei– irain eta jazarpena bezala sailkatu dituzte, gorrotoaren‐diskurtsoarekin sei gertakari jaso ditu behatokiak, eta hiru lagunek eraso fisikoak salatu dituzte.

Ikusguneri erasoen berri eman dizkioten lagun gehienek telefonoz egin dute (633 309 653), batik bat WhatsApp bidez. Baina komunikabideen bitartez edota Behatokiaren beste tresnen bidez ere izan dute erasoen berri; izan ere, Behatokia bere webgunea eta sare sozialak baliatzen ari da erasoak salatzeko bitarteko gisa.

Eraso gehiago? Salaketa gehiago

Ikusgunek adierazi duenez, salatutako erasoek gora egin dute aurreko urtekoekin alderatuta. Dena dela, nabarmendu dute igoera esanguratsua izan arren, ez dela hainbeste LGTBI+ jendearekiko gorrotoaren hazkundearen ondorioa, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia sortzearen ondorioa baizik.

Horrek ez du esan nahi eraso gehiago egon direnik, baizik eta eraso gehiago salatu direla. Zentzu horretan, Ikusguneren helburu nagusietako bat bete dela esan daiteke: "Benetako egoera ikusaraztea eta LGTBI+fobia egoerak kuantifikatzea". Horrez gain, "esparru egokia bermatzea" izan da Behatokiaren helburuetako beste bat; hau da, "edozein pertsona gai izan dadin, eraso bat sufritu badu, hura identifikatzeko".


Sexu- eta genero-dibertsitatearen aurkako erasoei buruzko txostenaren ondorioak. / IKUSGUNE

 

Eraso ikusezinagoak

"Lesbofobia askoz ere ikusezinagoa bihurtzen da jendarte heteropatriarkalean, eta, horrenbestez, zailagoa da txostenetan detektatzea", ondorioztatu du Ikusgunek.

Gainera, transfobia‐kasuak detektatzea ere zaila dela azpimarratu du Ikusgunek, kolektiboaren "ahalduntze‐falta" dagoelako. Era berean, aurten ikusi dute, berriro ere, "harreman sentimentalen barruko indarkeriak (genero berekoen artekoa) igotzen jarraitzen duela".

Serofobia, edo GIBa duten lagunen kontrako diskriminazio kasuak ere jaso ditu Ikusgunek. "Azpimarratu beharreko beste datu bat da serofobia eraso-arma gisa agertzen dela LGTBI+ kolektiboaren barruan, batez ere gizon gayen artean".

Erreparazioa

Giza eskubideen urraketei heltzerakoan, "errekonozimendua, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak" ekuazioaren aldekoa da Ikusgune, eta LGTBI+ kolektiboaren eskakizun garrantzitsuenetako bat ikusgaitasuna izaten jarraitzen duela adierazi du.

"Jendarte binarista eta heteronormatibo batean gaude, eta, horrenbestez, ez du onartzen sexu‑ eta genero‑dibertsitatea, eta horregatik, hain zuzen, zaila izaten da erreparazioaz hitz egitea kolektibo horrek pairatzen dituen erasoei dagokienez", dio Ikusgunek txostenaren ondorioetan. "LGTBI+ jendea aintzat hartuak izan behar dugu, erreparazioa bezalako neurriei heldu ahal izateko".

Halaber, erakundeen esparruan ere erasoak eta diskriminazioa aitortzeko ekintzak bultzatzea eskatu du Ikusgunek, zenbait arlotatik abiatuta: besteak beste, sexu-berresleipeneko terapietatik, arriskugarritasun sozialari buruzko legetik, poliziaren jazarpenetik, kartzelatik, ikusezintasunetik, patologizaziotik eta HIESaren pandemiarekiko jarrera instituzionaletik.

Ikusgune: LGTBI+fobiaren aurkako tresna

Sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoen hirugarren txostena da hau. Lehendik, erasoen berri izateko telefono bat zuen hiriko LGTBI+ mugimenduak. Hala, 2017ko maiatzetik 2018 apirilera, hamabost erasoren berri izan zuten; eta 2018 maiatzetik 2019ko apirilera, hamahiru gertakari jaso zituzten.

Iragan urteko abenduan, berriz, Ikusgune martxan jarri zuten eraso horiek erregistratzeko, Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin batera, eta metodologia berriarekin egin dute zenbaketa.

Txostenaren ondorioen eta gomendioen artean, Ikusguneren lokal bat abian jartzea proposatu dute, Gasteizko zein Arabako LGTBI+ jendearentzat "erreferentzia gune bat" sortzeko.

"Ez zaitzala LGTBIfobiak kutsatu"

Igande honetan, maiatzaren 17an, ospatuko den LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Gasteizko Udalak "hiri libre eta askotarikoa eraikitzeko" dei egin dio jendarteari, "pertsona lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen aurkako erasoen aurrean aktiboa" izan dadila.

Horretarako, Ez zaitzala LGTBIfobiak kutsatu kanpaina aurkeztu du Udalaren Berdintasun Zerbitzuak, Ikusgunerekin elkarlanean; eta bideo bat plazaratu dute, txostenaren ondorioak elkarbanatzeko eta kanpainaren nondik norakoak azaltzeko:

Eraso LGTBI+foborik pairatu baduzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu 633 309 653 telefono zenbakira edo IKUSGUNE Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren webgunearen bidez salatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago