Maiatzaren 8an, 9an eta 10ean Errekaleorren ospatzekoa zen jaialdia oholtzak feminismotik iraultzeko helburuarekin aurkeztu zen iragan urtarrilean.
Osasun krisiak eragindako egoeran, Mamarru Festa-a ospatzea bideragarria ez zela azaldu dute antolatzaileek, eta, bere garaian, bertan behera uztea erabaki zuten. Orain, 2021eko maiatzera atzeratzea erabaki dute.
"Bitartean, oholtzak astintzen, espazio autogestionatuak defendatzen eta elkar babesten jarraituko dugu", adierazi dute. Izan ere, urtarrileko aurkezpen agerraldian manifestu batean azaldu zituzten egitasmoaren oinarri filosofikoak, eta horiei eusteko asmoa agertu dute.
Konfidantza berreskuratzea
Alarma egoerak "zalantza, beldur eta pentsamendu asko" sortarazi dituela onartu dute Mamarru Fest-ako antolatzaileek: "Gure osasuna kolokan ikusi dugu, errepresio polizialaren gorakada, jendearen artean sortu den mesfidantza... Baina, guk, Mamarruok, uste dugu egoera hauei aurre egin ahal diegula", adierazi dute.
Horretarako, "elkarrekin lan egitea -2 metroko distantzia mantenduz ere-, elkarri babesa ematea eta elkarrenganako konfidantza berreskuratzea" proposatu dute: "Kaleak, eszenatokiak, plazak, jauregiak, auzoak gureak direla inoiz baino ozenago aldarrikatzen dugu".
Gainera, alarma egoeran "muturreko egoerak" bizi izan dituzten espazio autogestionatuei elkartasuna helarazi diete. Eta eskerrak eman dizkiete jaialdia antolatzeko "prozesu luzean" lagundu dietenei: "Orain arte egindako lan guztia ez da alferrikakoa; asko ikasi dugu bidetik, eta asko dugu elkarrekin ikasteko".